Latinoamerika
Limako Taldea kexu, Venezuelak Kolonbiako mugara eramandako soldaduengatik
agentziak | erredakzioa
Taldean ordezkaritza duten herrialdeek "kezka adierazi dute Venezuelako hegazkinak eta armak Kolonbiako mugara" eraman dituztela jakin ostean.
Limako Taldea "oso kexu" agertu zen atzo, asteartea, Venezuelak soldaduak Kolonbiako mugara eraman dituela dioten txostenak jaso ostean, eta Venezuelan "ordena demokratikoaren haustura eta Giza Eskubideen urraketagatik asaldura eta atsekabea" berretsi zituen.
Taldean ordezkaritza duten herrialdeek "kezka adierazi dute Venezuelako hegazkinak eta armak Kolonbiako mugara" eraman dituztela jakin ostean, adierazpen batean jaso zutenez.
Venezuelaren ekintza horiek "CELACek 2014an onartutako Latinoamerikako Aldarrikapenaren izpirituaren -bake gune gisa- aurka" doaz. Oraingo adierazpena Argentina, Txile, Kolonbia, Costa Rica, Guatemala, Honduras, Mexiko, Panama, Paraguay eta Peru Limako Taldeko kideek onartu dute.
Bestalde, testuan Venezuelako "Giza Eskubideen urraketa larriak" azpimarratu dituzte, "Amerika arteko Giza Eskubideen Batzordeak txostenetan eta adierazpenetan jaso, eta ondoren Nazio Batuen Giza Eskubideen Goi Agentziak adierazi" dituztenak.
Ekintza horien artean, besteak beste, "auzitegi kanpoko exekuzioak, indarra gehiegikeriaz erabiltzea, tortura, tratu txarrak, Justiziarako sarbide eza eta herrialdeko demokraziaren eta erakundeen oreka zein kontrolen kaltetzea" aipatu dituzte.