Itxi

Migrazioa

EBk ez du akordiorik lortu eta 150 migratzaileek 'Diciotti' ontzian jarraitzen dute

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Gauzak horrela, Italiako Gobernuak lehorreratzeko baimena ukatzen segitzen du eta hainbat migratzailek gose-grebari ekin diote, protesta gisa.

Migratzaileak otoitz egiten 'Diciotti' ontzian. Argazkia: EFE

Europar Batasuneko hamabi herrialdetako gobernuek bilera egin dute gaur Bruselan migrazioaren arazoari buruz, baina ez dute inolako akordiorik lortu Italiako Armadaren 'Diciotti' ontzian dauden 150 migratzaileei buruz. Horrenbestez, etorkinen ontzian jarraitzen dute, Italiako Gobernuak lehorreratzeko baimena noiz emango zain.

Europako Batzordeak deitutako bileran parte hartu duten herrialdeak hauek izan dira: Espainia, Italia, Frantzia, Alemania, Malta, Luxenburgo, Grezia, Herbehereak, Belgika, Austria, Portugal eta Irlanda.

Batzarraren helburua Mediterraneoan erreskatatu ohi dituzten migratzaileekin zer egin eta pertsona horiek Europar Batasuneko herrialde ezberdinetan banatzeko irizpideei buruz hitz egitea zen. Hau da, bileraren zioa ez zen 'Diciotti' ontziaren kasu zehatza eztabaidatzea, Italiako Gobernuak hala nahi bazuen ere.

Atzo, Luigi Di Maio Italiako Lan ministroak ohartarazpen argia egin zuen: Europar Batasuna finantzatzeari utziko zion Italiak, 'Diciotti' ontziarentzat konponbide bat eman ezean.

Europar Batasuneko iturriek esan dute ezinezkoa zela gaurko bileratik Italiak exijitutako soluzioa ateratzea, migrazioa bezalako gai zabal bati buruzko batzar informala egin dutelako. Hala ere, migratzaile horien banaketa ahalik eta azkarren hartzeko asmoa dutela zehaztu dute, "arrazoi humanitarioengatik".

Migratzaileak, gose-greban

Bien bitartean, Italiako Gobernuak migratzaileak lehorreratzeko baimena ukatzen segitzen du eta hainbat etorkinek gose-grebari ekin diote gaur, protesta gisa.

Migratzaileak abuztuaren 16an erreskatatu zituzten Mediterrraneoan eta orduz geroztik 'Diciotti' ontzian daude. Azken lau egunak Cataniako portuan egin dituzte, barkutik irten ezinik, Italiako Gobernuak lehorreratzeko baimena noiz emango zain.

Albisteak (4)