BISITA OFIZIALA
Irlandan abusuak ezkutatu izana 'kaka' dela esan du Frantzisko aita santuak
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Erakunde erlijiosoetan sexu-abusuak jasan zituzten nahiz euren amengandik banandu zituzten zortzi biktimekin bildu zen atzo, ordu eta erdiz. Mezu berezia espero da gaurko mezan.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Frantzisko aita santuak bertatik bertara ezagutu zituen atzo Irlandako instituzio erlijiosoetan gertatu ziren adin txikikoen kontrako sexu-abusuak eta emakumeek pairatutako seme-alaba lapurreten lekukotzak, Dublinen zortzi biktimekin elkartuta.
Ordu eta erdi iraun zuen bileran, euren bizipenak azaldu zizkioten, azken 40 urte hauetan Irlandako kleroak egindako gehiegikeriak salatu. Irlandako Ama-Semeen Etxeen Koalizioak, lapurtutako haurrak eta euren ama biologikoak elkartzeaz arduratzen den elkarteak, agiria kaleratu zuen bileraren ostean hainbat xehetasun argitara emanez. Frantzisko aita santuak "kaka" deitu ziela ustelkeriari eta abusuak ezkutatzeari, adibidez.
Clodagh Malone parte hartzaileetako batek azaldu zuenez, "oso topaketa potentea izan da. Benetako interesarekin entzun gaitu".
Aita santuak, gainera, "The Adoption Machine" (adopzio makina) liburuaren kopia bat jaso zuen. Atzoko topaketan parte hartu zuen biktima batek idatzia, aipatu Etxe horietan izan ziren gehiegikeriak jasotzen ditu: "Aita santua benetan shock egoeran geratu zen 6.000 haur hil zirela, 3.000 desagertu zirela, eta txertoekin esperimentuak egin zituztela jakitean" kontatu dute biktimek. Horien arabera, mezu zuzena emango du gaurko mezan.
Irlandako kleroaren biktimek "ekintza zuzenak" eskatu dizkiote Frantzisko aita santuari, horrelakorik berriz gerta ez dadin, eta, batez ere, errudunak zigortzeko.
Irlandako Elizak "abusuen krimen gorrotagarriei modu egokian aurre egiten" porrot egin duela adierazi zuen Aita Santuak, larunbat honetan, Dublinen, egin zuen lehen agerraldian. "Elizan adin txikikoak babestu eta hezi behar zituzten kideek abusuak egin zizkieten, eta horrek Irlandan sortutako eskandalu larria aitortzeari ezin diot utzi", azaldu zuen.
Bi eguneko bisita egiten ari da Jorge Bergoglio Dublinera, Familien Munduko Topaketan parte hartzeko.