Itxi

balantze ofiziala

Puerto Ricon ia 3.000 pertsona hil ziren iaz Maria urakanaren eraginez

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Hasieran, hildakoak 64 besterik ez zirela zioten agintariek, baina George Washington Unibertsitateak egindako ikerketa baten datuak aintzat hartu ditu orain Puerto Ricoko Gobernuak.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Puerto Ricon 2.975 pertsona hil ziren iaz Maria urakanaren eraginez, herrialde horretako gobernuak asteazken honetan jakitera eman duenez. 2017ko irailean, uhartea "hondamendi-gune" izendatu zuten, urakanak herrialdea gogor kolpatu eta ehunka etxebizitza suntsitu ondoren.

Hasieran, hildakoak 64 besterik ez zirela zioten agintariek, baina George Washington Unibertsitateak egindako ikerketa baten datuak aintzat hartu ditu orain Ricardo Rossello Puerto Ricoko gobernadoreak. 2017ko irailetik 2018ko otsailera bitartean urakanaren eraginez hil diren pertsona guztiak zenbatu dituzte txosten horretan.

Harvard Unibertsitateak antzeko beste ikerketa bat egin zuen maiatzean, eta 3.299 familiarekin harremanetan jarri ondoren, urakana iritsi eta urtea amaitu bitartean 4.645 lagun hil zirela ziurtatu zuen. George Washington Unibertsitateak azaldu duenez, uhartetik ihes egin zuten pertsonak zenbatu dituzte balantzea egiteko orduan. Azken datuen arabera, Puerto Ricoko biztanleriak % 8 egin zuen behera.

Maria urakanak eremu txiroenetan eragin zituen kalte larrienak, eta 2016ko epe bereko datuekin alderatuta, heriotza-tasak % 60ko igoera izan zuen iaz inguru horretan. Adineko pertsonei dagokienez ere, heriotza-tasak gorakada nabarmena izan zuen, % 35 egin baitzuen gora. Dena dela, George Washington Unibertsitateko ikertzaileek esan dutenez, epe horretan hildako herritarren senideekin harremanetan jarriko dira, urakanaren ondorioz horietako zenbat hil ziren egiaztatzeko.

Oker egindakoak onartu ditu

Maria urakanak uhartea erabat hondatuta utzi zuenetik urtebete igaro denean, herrialdea bere onera ekartzeko lanean jarraitzen dute agintariek. Izan ere, suntsitutako etxeez gain, kaltetutako eremu askotan urik edota elektrizitaterik gabe jarraitzen dute oraindik. Guztira, 77.000 milioi euroko kalte materialak zenbatu dituzte.

Puerto Ricoko Gobernuaren eta Donald Trumpen artean desadostasun handiak izan ziren hondamendi naturalaren ostean, bi aldeek elkarri leporatu baitzioten gertatutakoaren ardura. Dena dela, Rossellok "oker egindakoak" onartu ditu. "Protokolo bat prestatuta genuen, baina urakana iritsi arte ez ginen ohartu horrekin ez zela nahikoa", aitortu du.

Azkenik, hildakoak 64 besterik ez zirela uste zutela erantzun die hildakoen kopuruaren inguruko balantze ofiziala gaurkotzen denbora asko eman dutela leporatu dietenei.

Albisteak (3)

Bideoak (1)