Itxi

Bilera

Kim Jong-unek beste bilera bat egitea proposatu dio Donald Trumpi

AGENTZIA | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Ipar Koreako buruzagiak eskutitza bidali dio AEBko presidenteari proposamena eginez. Etxe Zuriak begi onez ikusten du eta bilera zehazteko harremanetan hasi direla iragarri du.

Kim Jong-un Ipar Koreako presidenteak eskutitza bidali dio Donald Trump AEBko presidenteari, ekainaren 12an bi buruzagiek Singapurren egindako bileraren gisako beste bat egiteko proposamena eginez. Etxe Zuriak astelehen honetan iragarri duenez, begi onez ikusten du. Are gehiago, hurrengo goi-bilera zehazteko harremanetan hasi direla esan du.

"Karta beroa eta positiboa da", adierazi du Etxe Zuriak. Horren arabera, Koreako penintsula desnuklearizatzeko konpromisoa agertzen du Ipar Koreak eskutitz horretan. Etxe Zuriaren iritziz, igandean Ipar Koreako Errepublikaren 70. urteurrenaren harira egindako desfile militarrean "fede ona" erakutsi zuen, kontinente arteko misilak erabiltzeari uko eginda.

John Bolton AEBko Segurtasun Nazionalerako aholkulariaren esanetan, Kim Jong-unek desnuklearizazioa bi urtean gauzatzea proposatu zion Moon Jae-in Hego Koreako presidenteari, apirilean egindako bileran. Ipar Koreako eta Hego Koreako bi buruzagiek bilera egingo dute datorren astean Piongiangen, eta Hego Koreako presidenteak Trumpekin hiruko bilera egiteko presionatu zuen, baina ez du bere nahia lortu.

Dena den, Hego Korean itxaropentsu daude, eta datorren astean Ipar Koreako eta Hego Koreako buruek egingo duten bilerak negoziazioei bultzada emateko balio izatea espero dute.

Albisteak (3)