Kargatzen...
Itxi

Nazioarteko Justizia Gortea

Txilek Boliviarekin negoziatu beharrik ez duela uste du Hagako auzitegiak

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Boliviak duela mende bat baino gehiago itsasora zuen irteera berrekuratzeko Moralesen itxaropenak zapuztu dituzte Nazioarteko Justizia Gorteko magistratuek.

Boliviako herritarrak La Pazen. Argazkia: EFE

Txilek Boliviarekin Ozeano Barera irteera bat negoziatu beharrik ez duela ebatzi du gaur Nazioarteko Justizia Gorteak, Evo Moralesen Gobernuak Txile auzitara eraman ostean. Morales Hagan izan da, epaiaren irakurketan.

Boliviak duela mende bat baino gehiago itsasora zuen irteera berreskuratzeko Moralesen itxaropenak zapuztu dituzte Nazioarteko Justizia Gorteko magistratuek; hamabi boto jaso ditu eskariak kontra hiru alde.

“Txileko Errepublikak ez zuen Boliviako estatu plurinazionalarekin Ozeano Pazifikora sarrera soberano bat negoziatzeko betebeharrik hartu”, Abdulqawi Ahmed Yusuf auzitegiko presidenteak ebazpenean azaldu duenez.

Boliviak Txile auzitara eraman zuen 2013an, Ozeano Barera zuen irteera berreskuratzeko. Gerra baten ondorioz, 400 kilometroko kostaldea eta 120.000 kilometro karratuko lurraldea galdu zituen Boliviak XIX. mendean. Gaia 1904ko Bake eta Adiskidetze Itunean konpondu zutela uste du Txilek.

Ebazpenean, “aurkeztutako materiala oinarri bezala hartuta, ezinezkoa da Txilek akordio batera heltzeko negoziatu beharrik duela ondorioztatzea”, esan dute epaileek.

“Gorteak ezin ditu Boliviaren gainerako eskakizunak onartu, betebehar horretan oinarritzen direlako; konkretuki, Txilek eginkizun hori urratu duela ebaztea, eta Txile onean, azkar, formalki, zentzuzko denbora tarte batean eta modu eraginkorrean beharturik dagoela”, gaineratu dute magistratuek.

Nolanahi dela, epaileen arabera, ebazpenak ez du eragozten bi herrialdeen arteko negoziazioa izatea, “auzotasun harreman onean” oinarrituta.