'Torien' urteroko biltzarra
Erresuma Batuak ez dio beldurrik akordiorik gabeko 'brexit'ari, Mayren esanetan
Agentzia | Erredakzioa
Lehen ministro britainiarrak esan duenez, Gobernuak 2016ko erreferendumaren emaitza errespetatuko du, baina ez du Europatik iritsitako edozein akordio onartuko.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Theresa May lehen ministro britainiarrak baieztatu du, 'brexit'aren inguruko akordiorik egon ez arren, Erresuma Batuak ez diola beldurrik Europar Batasunetik (EB) alde egiteari. Gainera, nabarmendu du garrantzitsua dela Europarekin harreman ona izatea.
Birmingamen egin duten Alderdi Kontserbadorearen urteroko biltzarrean, Mayk esan du 2016ko ekainean egindako erreferendumaren emaitza errespetatuko duela Gobernuak, nahiz eta ez duen Europatik iritsitako edozein akordio onartuko.
Ildo horretan, lehen ministroak berretsi du Gobernuak "errespetuz" jokatu duela EBrekin, eta espero duela alderantziz ere gauza bera gertatzea.
Hori horrela, Bruselarekin "itun on bat" lortzeko itxaropentsu agertu da, nahiz eta onartu duen hala ez izatekotan Erresuma Batuarentzat eta EBrentzat emaitza kaskarra izango litzatekeela.
Hasiera batean gogorra izango da, dena dela, britainiarren "erresistentziak" lagundu egingo du aurrera egiten.
Politikari kontserbadoreak "Chequers" plana babestu du. Horrekin posible izango da produktuak salerostea, baina ez du zerbitzuen salerosketa ahalbidetuko. Halaber, azpimarratu du Ingalaterra, Eskozia, Gales eta Ipar Irlandaren "batasun preziatua" babestuko duela, Irlanda bien arteko mugan aldaketarik egon gabe.
Amaitzeko, bigarren erreferendum bat eskatzen duten politikariak kritikatu ditu, Erresuma Batuan galdeketa duela bi urte egin zutela eta herritarrek bloketik ateratzea agindu zutela argi utzita.
Mayren iritziz, laboristek eskatutako bigarren galdeketa horrek emaitza ezberdin bat nahi duten "politikarien botoa" ordezkatuko luke.