Itxi

Estatu Batuak

Lehergailuak bidali dizkiete Clintoni, Obamari eta hainbat politikari demokratari

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Haien etxeetara iritsi aurretik atzeman dituzte lehergailuak. CNN telebista-katearen egoitzan topatutako paketea John Brennan Inteligentzia Agentzia Zentraleko zuzendari ohiari zuzenduta zegoen.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Ameriketako Estatu Batuetako segurtasun indarrek Hillary Clintonen eta Barack Obamaren etxeetara posta bidez igorritako lehergailuak atzeman dituzte. Clinton New Yorken bizi da eta Obama, Washingtonen.

Halaber, kongresista demokrata baten bulegora eta Time Warnes eraikinera bidalitako pakete susmagarriak ikertzen ari dira.

Estatu Batuetako Zerbitzu Sekretuak zerbitzuak azaldu duenez, "posta kontrolatzeko gune batean identifikatu dituzte lehergaiz betetako paketeak".

Horrenbestez, paketeak garaiz topatu dituzte, Clintonen eta Obamaren eskuetara heldu aurretik, eta, ondorioz, ez da kalterik izan.

Gertakari horren berri izan eta ordubetera, New Yorkeko Poliziak Time Warner eraikina jendez hustu du, pakete susmagarri bat aurkitu ostean, eta inguru horretara ez hurbiltzeko gomendioa luzatu du.

CNN telebista-kateak eraikin horretan dauka egoitza, eta haren presidente Jeff Zuckerrek esan duenez, posta batzeko salan pakete susmagarri ikusi dutelako aterarazi dituzte handik.

Geroago, CNN kateak berak argitu du pakete hori John Brennan Inteligentzia Agentzia Zentraleko zuzendari ohiari zuzenduta zegoela. Komunikabide horretako kolaboratzailea da eta Donald Trumpekin oso kritikoa da.

Horrez gain, Floridako estatuan, Debbie Wasserman Schultz kongresista demokrataren bulegoa jendez hustu dutela eta Polizia beste pakete susmagarri bat ikertzen ari direla jakinarazi dute hango komunikabideek.

Bestalde, Andrew Cuomo New Yorkeko gobernadoreak jakinarazi du Manhattanen duen bulegoan lehergaiz beteta egon daitekeen pakete bat topatu dutela.

Gertatutakoa "ekintza terrorista" dela esan du eta Polizia pakete hori aztertzen ari dela erantsi du.

Bestalde, Washingtongo base militar batean Etxe Zuriko helbidea daukan beste pakete susmagarri bat topatu dutela zabaldu dute, baina Zerbitzu Sekretuak berehala gezurtatu du informazio hori.

"Etxe Zurira igorritako hirugarren pakete atzeman dugula aipatuz, komunikabideek emandako informazioa ez da zuzena", argitu dute Twitter bidez.

Etxe Zuriak gaitzetsi egin ditu Hillary Clintonen eta Barack Obamaren kontra egindako "indarkeriazko eraso saiakerak".

(Time Warner eraikinaren ingurua itxi du Poliziak. Argazkia: EFE)

Batasuna eskatu eta "indarkeria politikoa" salatu du Trumpek

Alderdi Demokratako politikariei bonba-paketeak bidaltzea "indarkeria politikoa" dela esan du Donald Trumpek, eta batasuna eskatu du egoera honi aurre egiteko.

"Une honetan batu egin behar gara eta mezu argi eta sendo bat igorri behar dugu, indarkeria politikoak Estatu Batuetan lekurik ez duela, hain zuzen ere", azpimarratu du ekitaldi batean.

AEBko presidenteak iragarri du ikerketa zorrotz bat jarri dutela abian, lehergaiz betetako paketeak nork bidali dituen argitzeko.

"Gobernuak eskura dituen bitarteko guztiak jarri ditugu martxan. Estatubatuarren segurtasuna da nire lehentasun nagusia", adierazi du.

Melania Trump lehen damak ere gaitzetsi ditu erasoak eta segurtasun indarren lana eskertu du.

 

Albisteak (1)

Bideoak (1)