Tentsioa
Karabanaren aurkako protestak Tijuanan, 'Inbasioari ez' lelopean
Agentziak | Erredakzioa
200 bat manifestari Benito Juarez aldi baterako aterpetxera heltzea eragotzi behar izan du Tijuanako Udaltzaingoak.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Ameriketako Estatu Batuetara iristeko asmoa duen migratzaileen karabanaren aurka protesta egin dute ehunka pertsonak Tijuanan (Mexiko). Donald Trump AEBko presidenteak muga blindatzeko agindua eman zuen, eta migratzaileak harrapaturik geratu dira hiri horretan. Besteak beste, “Inbasioari ez” edo “Mexiko mexikarrentzat” oihukatu dute manifestariek.
Tentsioa egunero gora egiten ari da. Manifestariek Mexikoko banderak astindu dituzte, ereserkia abesten zuten bitartean. Cuauhtemoc gobernatzailearen estatuaren aurrean, “Kanpora!” “Kanpora!” oihukatu dute, AEBko mugatik kilometro eskasera. “Inbaditzaileak!” edo “Mexiko, Mexiko!” bezalako leloak erabili dituzte, aldi berean buruzagiei etorkinak kanporatzeko eskatuz.
Heldu berriak “desordenatuak, eskergabeak” eta Tijuanarentzat “arrisku” bat direla salatu dute. Gainera, karabanak herrialdean zehar nola egin duen aurrera kritikatu dute. Milaka pertsona artatzeak Tijuanararentzako suposatu dezakeen kostu ekonomikoarekin kezkaturik agertu dira; izan ere, hirian hilabeteak itxaroteko prest azaldu dira migratzaileak.
“Ez ditugu Tijuanan nahi”, oihukatu dute manifestariek. 200 bat manifestari Benito Juarez aldi baterako aterpetxera heltzea eragotzi behar izan du Tijuanako Udaltzaingoak. Erdialdeko Amerikako ia 2.200 etorkin daude bertan.
Beste protesta bat karabanako kideen eta manifestarien arteko istiluekin bukatu zen Tijuanako hondartzetan duela astebete baino gutxiago.
Protestak Tijuanan (Mexiko). Argazkia: EFE
Egunero migratzaile gehiago eta gehiago heltzen ari dira hirira. Dagoeneko Erdialdeko Amerikako 3.000 etorkin baino gehiagok kaleak, plazak eta hondartzak hartu dituzte. 10.000 migratzaile baino gehiago iritsi daitezkeela uste du Gobernu federalak, baina hiria ez dago horretarako prest; ez dago hainbeste jende artatzeko baliabiderik, ezta azpiegiturarik ere.
Hiria karabana hartzeko prestaturik ez dagoela esan zuen Juan Manuel Gastelum Tijuanako alkateak. Asilo eskakizunek aurrera egin arte, hiriko kaleetan sei hilabete emateko prest agertu dira migratzaileak. Gastelumen hitzetan, “jende-oldea” da.
Donald Trump AEBko presidenteak Tijuana alkateari babesa eman dio, eta Ameriketako Estatu Batuetara heltzeko asmoa duten migratzaileei animoa kentzen saiatu da berriro.
The Mayor of Tijuana, Mexico, just stated that “the City is ill-prepared to handle this many migrants, the backlog could last 6 months.” Likewise, the U.S. is ill-prepared for this invasion, and will not stand for it. They are causing crime and big problems in Mexico. Go home!
— Donald J. Trump (@realDonaldTrump) 18 de noviembre de 2018
Nahiz eta bertako bizilagun batzuek iraindu, migratzaileei elkartasuna adierazteko elkarretaratzeak ere egin dituzte. Indarkeriaren eta gosearen ondorioz aberritik ihes egiten ari direla argudiatu dute etorkinen defendatzaile askok. “Haurtzaroak ez du mugarik” bezalako leloak erabili dituzte pankartetan. Kontramanifestazioak Tijuanako kaleetan ibilbidea egin du.