Brexit
Erresuma Batuak eta Europak 'brexit'aren osteko harreman politikoa adostu dute
Agentziak | Erredakzioa
Europar Batasunak eta Erresuma Batuak adostutako "zirriborroa" igande honetan onartu beharko dute Europar Batasuneko 27 estatu kideek.
Europar Batasunak (EB) eta Erresuma Batuak brexita gauzatu ostean izan beharko luketen harreman politikoa zehazten duen zirriborroa adostu dute ostegun honetan. Ekonomiari dagokionez, merkataritza arloan “anbizio handiko harremana” izan nahi dute, “zabala, sakona eta malgua”.
Halaber, erabakiak hartzeko orduan, Europar Batasunaren “askatasuna” bermatuta egon behar da, eta bien arteko harremana bi aldeek adostutako aduana batasunarekin eta merkatu bakarrarekin bat etorri behar da, Erresuma Batuaren burujabetza eta 2016ko erreferendumaren osteko erabakia beti ere errespetatuz.
Europar Batasunak eta Erresuma Batuak adostutako dokumentu horren arabera, bi aldeek “anbizio handiko harremana” izan behar dute, “irismenari eta sakontasunari dagokienez”. Dena dela, denboran zehar aldaketak egon daitezkeela aitortu dute Europak eta Erresuma Batuak.
“Ondasunak mugaz bestalde arazorik gabe garraiatu ahal izateko, merkataritza libreko eremu baten sorrera aurreikusten dute bi aldeek”, dio zirriborroak. Hala, aduana gaineko araudia ezartzeko orduan elkarrekin arituko dira bi aldeak.
Gauzak horrela, “herritarrei muga-zergak, tarifak edo bestelako trabak ez aplikatzea bermatu beharko luke akordio ekonomikoak”.
Halaber, 2019ko martxoaren 29an brexita gauzatu ostean, “emandako urratsak ikusi eta erronka berriak zehazteko goi-bilerak” egingo dituzte Erresuma Batuak eta Europar Batasunak; “urtean bi aldiz, gutxienez”.
Donald Tusk Europar Kontseiluaren presidenteak ostegun goizean jakinarazi du bi aldeetako ordezkariek brexita gauzatu ostean izan beharko luketen harreman politikoaren inguruko zirriborroa adostu dutela.
“Europar Batasunaren eta Erresuma Batuaren harreman politikoa zehazten duen zirriborro bat bidali berri diet EBko 27 estatu kideetako ordezkariei. Negoziatzaile gisa lortu dute akordioa, eta maila politikoan adostu dute”, azaldu du Tuskek bere Twitter kontuan idatzitako mezu batean.
Dena dela, bi aldeek hitzartu duten adierazpen politiko horretan ez dute Gibraltarri buruzko aipamenik egin. Igande honetako goi-bileran brexitaren akordioa babesteko ezinbesteko baldintzatzat jarri zuen hori Espainiako Gobernuak. Dena dela, Europar Batasuneko herrialde batzuk babesa adierazi diote Espainiari, eta irtenbide bat bilatuko dutela ziurtatu dute.
Gauzak horrela, igande honetako goi-bileran bi testu onartuko dira: brexiterako akordioa eta gaur adostutako adierazpen politikoa.