Itxi

IRAGARPENA

Espainiak 'Brexit'aren alde bozkatuko du, Gibraltarren inguruan akordioa lortu ostean

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Igande honetan ezohiko goi-bilera egingo dute Bruselan, Europako Batasuneko 27 kideek eta Erresuma Batuak, 'Brexit'aren akordioa egikaritzeko.

Pedro Sanchez gaur, komunikabideen aurrean. Argazkia: EFE

Igande honetan ezohiko goi-bilera egingo dute Bruselan, Europako Batasuneko 27 kideek eta Erresuma Batuak, 'Brexit'aren akordioa egikaritzeko. Bilera hori baino 24 ordu lehenago, Espainiak baiezko botoa emango duela iragarri du Pedro Sanchez presidenteak, Gibraltarren inguruan "blindatze hirukoitz historikoa" lotu eta gero.

Moncloa Jauregian komunikabideen aurrean egin duen agerraldian, Sanchezek esan du Espainiako Gobernuak baiezko botoa emateko beharrezkoak ziren berme guztiak idatziz jasoko dituela Europar Batasunaren eta Erresuma Batuaren arteko 'Brexit' akordioak. Azaldu duenez, "Erresuma Batua Europako Batasunetik joan eta gero, Gibraltarrek EBekin izango duen harreman politikoa, juridikoa eta geografikoa Espainiaren esku egongo da".

Donald Tusk buru duen Europako Kontseiluak eta Jean-Claude Junker buru duen Europako Batzordeak lehen aldiz adierazpen bateratua egin dutela jakinarazi du Sanchezek: "184 artikulua, Espainiako Gobernuak Erresuma Batuarekin zuen desadostasunik handiena, etorkizuneko harremanen inguruko edukietan ez dela aplikatuko dio adierazpen horrek" adierazi du.

Sanchezen iritziz, Europako instituzioen adierazpen politikoak Espainiaren papera indartzen du etorkizuneko negoziaketei begira, "eta negoziaketa horiek inoizko garrantzitsuenak izango dira, burujabetza partekatuaz eta beste hainbat gauzaz eztabaidatu beharko dugu eta".

Adierazpen politiko horretan "Gibraltar Europar Batasunaren eta Erresuma Batuaren arteko negoziaketa orokorretik ateratzea" oso garrantzitsua dela nabarmendu du, "Espainiak negoziaketa zuzena egin ahal izatea ahalbidetzen baitu".

Adierazpenaren beste pasarte bat ere nabarmendu du: "Europako Batasunaren edozein akordio Gibraltarren aplikatzeko, aurretik Espainiarekin akordioa egin beharko da. Etorkizunean egingo diren negoziaketa guztiak gure interesekoak izatea bermatzen du horrek" esan du.

"Nazioaren interesa"

Espainiako presidenteak orain arte zergatik zegoen 'Brexit'aren kontra azaldu nahi izan du: "lurraldearen batasuna eta subiranotasun nazionala gure herriaren identitatearen ikur direlako", eta ildo horretan, "nazioaren interesen defentsan" aritu direla nabarmendu du.

Abenduaren 12an Diputatuen Kongresuan akordioaren xehetasunen berri emateko agerraldia egingo duela ere iragarri du. Eta akordio hau "300 urte baino gehiago dituen gatazka bat konpontzeko mugarri" izan daitekeela ere esan du.

"Amore ematea" eta "porrota" Casadoren iritziz:

Pablo Casado Alderdi Popularreko presidentearen arabera, Espainiako presidenteak iragarri duen akordioa "amore ematea" eta "porrot historikoa" da, Gibraltarren inguruko burujabetza partekatua lortzeko "aukera galdu" dutela uste baitu. Zirriborroan agertzen zen 24. artikulua, "PPren aurreko Gobernuak bideratuta utzi zuena", akordioan ez agertzea akatsa dela ere esan du eta Europako Batzordeko zein Kontseiluko presidenteek egin duten adierazpen bateratua ez dela "juridikoki loteslea" gaineratu du.

Pablo Iglesias Podemoseko idazkari nagusia, dena dela, akordioa babestearen alde agertu du: "Bruselarekin egindako akordioak Gibraltarreko eremuko langileak defendatzeko balio badu, Gobernuak gure babesa izango du. Hori bai, nahiago genuke aurrekontuak defendatzeko irmotasun bera ikusiko bagenu. Naziotasuna boteretsuekiko duzun jarreraren arabera neurtzen da, ez banderen tamainaren arabera" idatzi du.

May: "Erresuma Batuak Gibraltarren inguruan duen jarrera ez da aldatu eta ez da aldatuko"

Theresa May lehen ministro britainiarrak ere hitz egin du Sanchezen iragarpenaren ostean, eta euren jarrera ez dela aldatu ohartarazi du: "Erresuma Batuak Gibraltarren burujabetzaren inguruan duen jarrera ez da aldatu eta ez da aldatuko. Harro nago Gibraltar britainiarra izateaz, eta beti egongo naiz Gibraltarren ondoan" erantsi du.

Gibraltarko gobernuaren kritikak

Espainiak lortutako garantiak "balio legalik gabeko paper zatiak" besterik ez direla esan du Fabian Picardo Gibraltarko ministro nagusiak.

GBC katean emandako hitzaldian, ministro nagusiak zenbait gai "nahastea" leporatu dio Sanchezi egindako iragarpenean, eta azpimarratu du "inork berme hirukoitza badauka" Gibraltarko jendea da, euren subiranotasunaren gainean "morroilo hirukoitza" dute, tartean Erresuma Batuak eskaintzen diena. Esan duenez, Erresuma Batuak "ez du inoiz ados ez gauden subiranotasunari buruzko eztabaida prozesu bat hasiko".

Albisteak (3)