New Yorkeko auzitegia
Michael Cohen Trumpen abokatu ohiari 3 urteko espetxe-zigorra ezarri diote
Agentziak | Erredakzioa
2016ko hauteskunde-kanpainan zehar, Trumpekin ezkontzaz kanpo ustez harremana izan zuten bi emakume isilaraztea leporatzen zioten, besteak beste.
Michael Cohen Donald Trump AEBetako presidentearen abokatu ohiari 3 urteko kartzela-zigorra ezarri dio gaur New Yorkeko auzitegi batek. Besteak beste, 2016ko hauteskunde-kanpainan zehar, Trumpekin ezkontzaz kanpo ustez harremana izan zuten bi emakume isilaraztea leporatzen zioten.
51 eta 63 hilabete arteko zigorra eskatu zuen Fiskaltzak, Cohenek hauteskunde legeak “lotsagabe urratu” zituelako. Era berean, Moskun Trump dorre bat eraikitzeko negoziazioen inguruan “nahita” adierazpen “faltsuak” egin zituen abokatu ohiak. Azkenean, dorrea ez zuten eraiki.
Cohen bere familiarekin batera joan da auzitegira. Zortzi delituren errudun zela aitortu zuen epaiketan: zerga-ihesa, banku bati adierazpen faltsuak eta hauteskunde-kanpainak finantzatzeko legearen urraketak.
William H. Pauley III epaileak Cohenen laguntza aintzat hartu du epaian, baina 50.000 dolarreko isuna ordaintzera zigortu du. Espetxe-zigorra ezarri dioten Trumpen aurreneko hurbilekoa da.
“Trumpekiko leialtasun itsua” izatea bere “ahultasuna” izan dela ziurtatu du gaur Cohenek, azken testigantzan. Poliziaren aurrean aurkeztu eta espetxean sartzeko martxoaren 6ra arte du Cohenek.
“Errudun aitortu zen ekintza bakoitzaren erantzukizun guztia” onartu du Trumpen abokatu ohiak epailearen aurrean, baita “Ameriketako Estatu Batuetako presidentea” inplikatzen duten horietan ere.
Sententzia irakurri baino lehen, Cohenek egiten ari zena jakin behar zuela azpimarratu du Pauleyk. Epailearen hitzetan, Cohenek pertsona “aberats eta boteretsuengana” hurbilduta egin zuen ibilbidea, horietako bat bilakatu arte.