ERRESUMA BATUA
Theresa Mayk gainditu egin du konfiantza mozioa
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Lehen ministro britainiarra pozik agertu da konfiantza mozioa gainditu duelako, eta 'brexit'a ezartzeko lanean jarraituko duela berretsi du.
Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroak gainditu egin du brexit-aren akordioarekin ados ez dauden alderdikideek deitutako konfiantza mozioa, eta, horrenbestez, agintariak Alderdi Kontserbadorearen buruzagitzan eta Gobernuan jarraituko du.
Hain zuzen ere, Mayk 200 boto lortu ditu alde, eta 117 aurka, Komunen Ganberako diputatu kontserbadore guztiak deituta zeuden bozketa sekretuan.
"Theresa Mayk talde parlamentarioaren konfiantza duela erakutsi du bozketak", azpimarratu du Graham Brady diputatu kontserbadoreen batzordeko presidenteak.
Datozen hamabi hilabeteetan ezingo dute Mayren aurkako konfiantza mozio gehiagorik aurkeztu. Aitzitik, oposizioak aukera izango du bere Gobernuaren aurkako zentsura-mozioa aurkezteko, hala nahi izanez gero behintzat.
Nicky Morgan diputatu kontserbadorearen iritzian, "arrazoia gailendu da"; Jacob Rees-Mogg euro-eszeptikorentzat, ostera, "emaitza txarra da" Mayrentzat, boto asko jaso dituelako kontra.
Brexit-ari buruzko akordioaren bozketa atzo egin behar zuten, baina Mayk saioa atzeratzea erabaki zuen, bere alderdiko diputatu askok itunaren aurka bozkatzeko mehatxua egin zutelako.
Lehen ministro britainiarraren helburu nagusia orain Europar Batasunaren laguntza lortzea izango da.
Brexit-aren alde lanean jarraituko du
Bozketa amaituta, Downing Streeten agerraldia egin du Mayk. Pozik agertu da mozioa gainditu duelako eta brexit-a ezartzeko asmoz lanean segituko duela agindu du.
"Gaurkoa egun luzea izan da, erronkaz betetakoa, baina pozik nago nire alderdikideen babesa jaso dudalako", esan du.
"Pozik nago, bai, baina nire alderdikideetako askok nire kontra bozkatu dute eta haiek esandakoak entzun ditut", erantsi du.
Nolanahi ere, Erresuma Batuko Gobernuak brexit-aren aldeko lanari eutsi behar diola azpimarratu du, "herrialde honentzako etorkizun hobea eraikitzeko".
Gauzak horrela, ostegun honetan Bruselan izango Theresa May, eta Europar Batasuneko buruzagiekin bilduko da bertan.
Brexit-ak Europako Parlamentuan sortu dituen zalantzak argitzeko "berme legalak eta politikoak" lortu nahi ditu Mayk.
Bestalde, Mayk iragarri du ez dela berriro hauteskundeetara aurkeztuko. Hala jakinarazi die bere alderdikideei konfiantza mozioaren saioa egin aurretik.