Migrazio politikak
Milaka lagunek Nazioarteko Migrazio Itunaren aurka egin dute Bruselan
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Europako hainbat politikarik salatu dutenez, litekeena da akordio horrek Europarainoko migrazioa areagotzea.
Milaka lagun manifestatu dira igande honetan Bruselan, Nazio Batuen Erakundeak sustatutako Nazioarteko Migrazio Itunaren kontra. Poliziaren arabera, 5.500 bat lagun batu dira Bruselako protestan, Flandriako Aliantza Berriak deituta.
Bestalde, itun horren aldekoak ere mobilizatu egin dira. Ezkerreko taldeek eta gobernuz kanpoko erakundeek antolatutako mobilizazio horretan 1.000 bat pertsonak hartu dute parte.
Belgikako Parlamentuko alderdirik handiena da Flandriako Aliantza Berria. Alderdi horrek ituna ez sinatzeko eskatu zion Charles Michel lehen ministroari, baina horrek muzin egin zion. Orduan, Gobernuan dauden koaliziotik bere ministroak erretiratu zituen Flandriako Aliantza Berriak eta, horren ondorioz, Belgikak hauteskunde federalak egingo ditu maiatzean.
Nazio Batuen Erakundeko itun hori NBEko 193 kideek adostu zuten joan den uztailean, baina horietatik 164k bakarrik sinatu zuten asteleheneko bileran. Hamar herrialdek, Europar Ekialde komunistakoek bereziki, loteslea ez den akordioa sinatzeari uko egin diote.
Europako hainbat politikarik salatu dutenez, litekeena da akordio horrek Europarainoko migrazioa areagotzea. Errefuxiatuen eta migratzaileen iritsierari muga eta oztoporik handiena ari da ezartzen une horretan Europar Batasuna.