Gabon zahar gaua
Segurtasun neurri zorrotzak Parisen, 'terroristen eta txaleko horien mehatxuengatik'
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
'Txaleko horiek' mobilizazioak deitu dituzte, Facebook bidez, gaur gauerako Eliseoko Zelaietan. Frantziako Gobernuak "errotik" etengo omen ditu protestak.
Frantziako Barne Ministerioak iragarri du 147.000 agente ibiliko direla beharrean Gabon zahar gauean, ospakizunetan inolako arazorik gerta ez dadin. Hain zuzen ere, 'mehatxu jihadistei' eta 'txaleko horien' protestei aurre egiteko ezarriko dituzte segurtasun neurri bereziak Urte-zahar gauean.
"Oraindik ere handia da terrorismo mehatxua, eta gainera, 'txaleko horien' azkenaldiko mobilizazioek ere ordena publikoa asalda dezakete", esan du Barne Ministerioak Twitterren zabaldutako ohar batean.
Iragan larunbatean 12.000 manifestari inguru bildu ziren Parisen, eta gaurko ere protesta handia ari dira antolatzen, Facebook bidez.
Biribilguneak eta errepideak blokeatzeko asmoa dute 'txaleko horiek'. Halaber, Eliseoko Zelaietan elkarretaratzea egiteko proposamena ere egin dute. Nolanahi dela, Frantziako Gobernuak esan du "errotik" etengo dituela protesta horiek.
"Bi babes eremu ezarriko ditugu jende asko biltzen den lekuetan segurtasuna bermatze aldera. Hala, Pariseko Eliseoko Zelaiak guztiz babestuta egongo dira", zehaztu dute oharrean.
Ohi bezala, urte berriaren ospakizun festak Garaipen Arkua hartuko dute gauerdian. Frantziako telebista kate ezagunenek zuzeneko emankizuna eskainiko dute bertatik.