Itxi

AEB

Nancy Pelosi demokrata, AEBko Ordezkarien Ganbarako presidente berria

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Kargua hartu ostean, administrazioa berriz zabaltzeko aurrekontua onartu dute demokratek, baina ez dirudi Senatuak (errepublikanoak dira nagusi) neurria babestuko duenik.

Pelosi, Kongresuko presidente izendatu berritan. Argazkia: EFE

Nancy Pelosi demokrata da AEBko Ordezkarien Ganbarako presidente berria. 78 urteko politikaria ez da hasiberria, 2007-2011 urteen artean ere kargu berean egon baitzen. Azaroko agintaldi erdiko hauteskundeetan ganberaren kontrola berreskuratu zuten demokratek, eta gehiengo horri esker izendatu dute Pelosi presidente, 218 botorekin.

Kargua hartu ostean, administrazioa partzialki berriz zabaltzeko —13 egun daramatza itxita— aurrekontua onartu dute demokratek, baina ez dirudi Senatuak (errepublikanoak dira nagusi) neurria babestuko duenik. Izan ere, Donald Trump AEBko presidenteak administrazio zabaltzeko baldintza jarri zien demokratei: Mexikoko harresia eraikitzeko diru-partida onartzea. Demokratek, ordea, ez dute halakorik egin.

Pelosik nabarmendu duenez, nahitaezkoa da administrazioa berriz zabaltzea eta demokraten proposamenak aldi baterako konponbidea litzatekeela erantsi du. Pelosiren esanetan, demokratek onartutako aurrekontuak "30 egun gehiago" emango lizkieke denei AEBko mugen inguruan negoziatzeko (administrazioa otsailaren 8ra arte zabalik edukitzeko funtsak dira adostutakoak).

"Ez dugu harresirik egingo. Ez du politikarekin zerikusirik. Inmoralitatea da harresia egitea. Pentsatzeko modu zaharra da. Ez da errentagarria" adierazi du Pelosik.

Errepublikanoek, ordea, ez dute neurria begi onez ikusi. Trumpek bilera batera deitu ditu gaurko bi alderdietako ordezkariak, eta Mitch McConnell Ordezkaritza Ganberaren gehiengo errepublikanoaren presidenteak ohartarazi du demokraten aurrekontuak ez direla aurrera aterako.

"Utz iezadazue berriro esaten: Senatuak ez du neurri hori onartuko. Denbora galtze bat da", azpimarratu du McConnellek.

 

 

Albisteak (3)