Venezuela
Madurok bigarren agintaldiari hasiera emango dio ostegun honetan
Agentziak | Erredakzioa
“Hauteskunde demokratikoak behartzeko” buruzagi chavisten aurkako erasoaldi diplomatiko bat abiatuko dutela ohartarazi dute inguruko estatu batzuek.
Nicolas Madurok bigarren agintaldiari hasiera emango dio ostegun honetan. Venezuelako presidente karguaren zina egingo du. “Hauteskunde demokratikoak behartzeko” buruzagi chavisten aurkako erasoaldi diplomatiko bat abiatuko dutela ohartarazi dute inguruko estatu batzuek, tartean Ameriketako Estatu Batuek.
Presidentetzari hasiera emateko eguna urtarrilak 10 izan behar dela dio Konstituzioak. Normalean, Miraflores jauregira heltzeko zeremonia Batzar Nazionalean (Parlamentua) egiten dute, nazioarteko buruzagien aurrean. Baina oraingoan oso bestelakoa izango da.
Maiatzaren 20an egindako hauteskundeak gakoa dira. Emaitza ofizialen arabera, Madurok bozen % 67 lortu zituen (sei milioi boto baino gehiago), PSUVeko gobernari baten daturik kaskarrena, Chavez duela bi hamarkada boterera heldu zenetik, Venezuelako hautesle-erroldaren hazkundea kontuan hartuta.
Henri Falcon (garaiaren arabera, batzuetan chavista eta beste batzuetan oposizioko kidea) eta Javier Bertucci artzain ebanjelikoa aurkari izan zituen Madurok. Bozen % 20 eta 10 erdietsi zituzten arerioek, hurrenez hurren.
Batasun Demokratikoaren Mahaiko (MUD) koalizioak ez zuen hautagairik aurkeztu, “alderdi eta buruzagi nagusiak gaitasungabetu edo espetxeratu dituztelako”.
Nazioartearen zati batek (Lima Taldea, AEB eta Europar Batasuna) ez zituen hauteskundeak onartu. Venezuelako Gobernuak, ostera, krisi politikoa konpontzeko abiapuntua direla uste du.
2015eko hauteskundeetatik Batzar Nazionala oposizioaren eskuetan dago. Maduroren zina hartzeari uko egin dio Parlamentuak. Horregatik, ekitaldia Auzitegi Gorenean izango da.
Batzar Nazionala “matxinadan” zegoela ebatzi zuen Gorenak. Parlamentuak, aldiz, Gorena “ez-legitimoa” dela uste du, magistratu chavistek osatzen dutelako.
Nazioarteko buruzagiak, ekitaldian
Oraingoz, Daniel Ortega (Nikaragua), Miguel Diaz-Canel (Kuba), Evo Morales (Bolivia) eta Salvador Sanchez Ceren (El Salvador) presidenteek ekitaldian izango direla baieztatu dute. Desegiten ari den ardatz bolivarianoa osatzen dute.
Lima Taldea osatzen duten 14 herrialdeetatik 13 ez dira joango: Argentina, Brasil, Kanada, Txile, Kolonbia, Costa Rica, Guatemala, Guyana, Honduras, Panama, Paraguai, Peru eta Santa Luzia.
Mexikok Caracaseko Enbaxadaren negozio arduraduna bidaliko du, aldendu nahian, baina Nicolas Madurorekin harremanak guztiz hautsi barik. Maduro Andres Manuel Lopez Obradorren inbestiduran izan zen abenduaren 1ean, Mexiko Hirian. Venezuelako agintaria “diktadore” oihu artean hartu zuten orduan.
Era berean, AEB eta Kanada ez dira ekitaldian izango. EBk, ostera, ez du oraindik erabaki.