Venezuela
Madurok 'bere zilegitasuna' aldarrikatu du bigarren agintaldiaren hasieran
Agentziak | Erredakzioa
Venezuelako presidentea karguaz jabetu da. Zeremonian nazioarteko buruzagi gutxi izan dira. Ondorioz, legealdi berrian nazioartearen babes eskasa izango duela ematen du.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Nicolas Maduro Venezuelako presidentea karguaz jabetu da, bere bigarren agintaldiari hasiera emanez. Zeremonia Auzitegi Gorenean egin dute ostegun honetan. Ekitaldian nazioarteko buruzagi gutxi izan dira. Ondorioz, legealdi berrian nazioartearen babes eskasa izango duela ematen du.
Aurreneko hitzak bere zilegitasuna aldarrikatzeko aprobetxatu ditu Madurok. “Ekitaldia hau bake ekitaldia da, Konstituzioaren hitza eta arima betearazi eta ziurtatzen duen ekitaldi oro batzen gaituelako (…) gure aberriaren bakerako”, azaldu du agintariak.
Zentzu horretan, “Venezuela demokrazia bat da, mota berri bat (…) herriaren demokrazia bat, ez eliteena”, defendatu du. “Eta ni benetako presidente demokrata bat naiz”, azpimarratu du Miraflores jauregiko maizterrak.
Venezuela une zailak pasatzen ari dela onartu du Madurok: “arazorik ez duen herrialdeak eskua altxa dezala”. Hala ere, herria “AEBetako eta estatu sateliteetako gerra ekonomiko eta mediatikoaren biktima nagusia da”, erantsi du.
Konkretuki, “Washingtonen esanetara dagoen gobernu satelite multzoan” inposatu den “muturreko ikuspegi intolerante ideologikoa” deitoratu du Venezuelako buruzagiak. Maduroren hitzetan, “horrek eskualdea zatitu du”. “Eskuina edonola inposatu nahi da”, ohartarazi duenez.
Testuinguru horretan, gobernu horietako edonorekin biltzeko prest dagoela ziurtatu du estatuburuak, baita Venezuelan goi-bilera bat hartzeko ere. Ez bada gertatu, mugimendu chavistari “beldur diotelako” izan da, gaineratu duenez.
Are gehiago, Amerika kontinentearen hego hemisferioan “desadostasunak gainditzeko, elkarrizketa eta batasuna bideratzeko, Latinoamerikako herrialde talde batek ekimena hartzea” proposatu du Madurok.
“Nazioarteko 99 herrialde eta erakunde baino gehiagoren ordezkariak” ekitaldian izan direla azpimarratu du Madurok. “Zuen presentzia ausarta eskertzen dizuegu, horrek beste mundu bat posible dela berretsi duelako”, adierazi du.
Erasoaldi diplomatikoa
Bestalde, urtarrilaren 10etik aurrera Maduroren eta Venezuelako Gobernuaren aurka erasoaldi diplomatiko bat abian jarriko duela iragarri du Lima Taldeak, hauteskunde “sinesgarriak” deitzera behartzeko. Venezuelako buruzagiei zigor gehiago ezarri dizkie Ameriketako Estatu Batuek, eta EB adi-adi dago.
Jarrera aldatzeko 48 orduko ultimatuma eman dio Madurok Lima Taldeari. “Gobernu baten defentsan eta diplomazian, neurri gordinenak eta zorrotzenak” hartzeko mehatxu egin du.