AEB
Trumpek 'ia erabakita' du hegoaldeko mugan 'larrialdi nazionala' deklaratzea
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Harresia eraikitzeko beharrezkoa den dirua barne hartzen duen gastu-mugari buruzko akordiorik lortu ezean, litekeena da Trumpek 'larrialdi nazionala' ezartzea.
Donald Trump AEBko presidenteak adierazi du "ia erabakita" daukala hegoaldeko mugan "larrialdi nazionala" deklaratzea, betiere, demokratek eta errepublikazaleek harresia eraikitzeko beharrezkoa den dirua barne hartzen duen gastu-mugari buruzko akordiorik lortzen ez badute.
"Larrialdi nazionala ezartzeko eskubidea daukat", esan du Trumpek Etxe Zuritik komunikabideen aurrean egindako agerraldian. "Oraindik ez dut egin, baina baliteke neurri hori hartzea. Negoziazioen emaitzaren arabera, baliteke esandakoa egitea. Ia segurua da egingo dudala", nabarmendu du.
Abenduaren 22az geroztik, administrazio publikoaren jarduna ez da erabatekoa, Kongresuak (demokratek eta zenbait errepublikazalek) uko egin diotelako harresi polemikoaren finantzazioari, eta, horrenbestez lur jota utzi dutelako gastu-mugari buruzko akordioa.
Iragan astean Trumpek bi alderdietako buruzagiei egin zien mehatxu, Gobernua "hainbat hilabetez edo urtez" itxiko zuela esanez. Hartara, aukera gisa proposatu zuen mugan "emergentzia nazionala" deklaratzea eta, bide horretatik, beharrezkoa den dirua eskuratzea.
Orain arte neurri hori zergatik hartu ez duen galdetuta, Trumpek erantzun du Kongresuari azken aukera eman nahi diola. Asteazkenean, bestalde, akordioa lortzeko itxaropena zeukala adierazi zuen. Dena dela, handik gutxira demokratekin eta errepublikazaleekin izandako bileratik alde egin zuen, harresia finantzatuko ez zutela jakin zuenean.