Venezuela
Madurok ez ditu Parlamentuaren ekintzak onartu, eta presidente izaten jarraituko du
Agencias | Redacción
Oposizioak kontrolatzen duen Asanblea Nazionalak Maduro boteretik botatzeko egindako ekintzak Gobernu berria ezegonkortzeko helburua dutela uste du Venezuelako presidenteak.
Nicolas Madurok, Venezuelako presidenteak, ez ditu onartu Asanblea Nazionalak bera boteretik botatzeko egindako ekintzak, eta Presidentetzan bere funtzioak betetzen jarraituko duela ziurtatu du.
"Niri bost, ez zait inporta haien espektakulua, haien jokoa eta haien burla, euren jendeari iseka egiten baitiote; hemen, guk lanean jarraituko dugu, oraindik lan handia daukagu eta egiteko, eta nik nire funtzioak betetzen jarraituko dut, hautatua izan nintzelako, irmo, ausardiaz", esan du Madurok Miraflores Jauregian, Exekutiboaren egoitzan.
6 urteko agintaldi berri bat zin egin du Madurok, eta boterean jarraituko du 2015era arte. Bere zilegitasuna zalantzan jartzen dute oposizioak eta estatu askok, maiatzeko hauteskundeak "iruzurtzat" hartzen dituztelako. Alde handiarekin irabazi zuen Madurok.
Oposizioak kontrolatutako Parlamentuak biltzar irekia antolatu du, eta bertan, Juan Guaido buruak laguntza militarra, zibila eta nazioartekoa eskatu du Madurok "usurpatutako" boterea hartzeko.
"Venezuelako herriak, Armadak eta nazioarteko komunitateak eraman behar gaituzte agintera; ez digu ihes egingo", esan du diputatuak, Maduroren "zilegitasun eza" salatzeko Caracasen bildutako mila pertsona ingururen aurrean.
Asanblea Nazionala Gobernu berria ezegonkortzen saiatzen ari dela esan du Madurok. Hori "guarinbak (protestak) zuzendu zituen talde bera" dela esan du presidenteak. 2017an, protesta bortitzek 100 hildakotik gora utzi zituzten.
"Gu denbora osoan lanean gauden bitartean, buru-zoroak eta heldugabeak daude oposizioan, zer asmatzeko zain, etsita", gehitu du.