Itxi

'Brexit'a

Erresuma Batuko Parlamentuak errefusatu egin du 'brexit'ari buruzko akordioa

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Theresa May lehen ministroak lortutako akordioak 432 boto izan ditu aurka, eta 202 alde. Hiru eguneko epea dauka beste plan bat aurkezteko.

Theresa May Komunen Ganberan. Argazkia: EFE

Erresuma Batuko Parlamentuak errefusatu egin du Theresa May lehen ministroak brexit-ari buruz Europar Batasunarekin lortutako akordioa.

Hain zuzen ere, Komunen Ganberako 432 diputatuk bozkatu dute planaren aurka, eta 202k, ordea, alde.

Orain, Mayk hiru eguneko epea du beste plan bat aurkezteko.

Bozketaren emaitzak ezagutu eta gero, Jeremy Corbyn Alderdi Laboristako buruzagiak iragarri du Erresuma Batuko Gobernuaren aurkako zentsura-mozioa aurkeztuko duela.

Corbynen iritzian, Gobernu britainiar batek azken 20 urteotan jaso duen porrotik handiena izan da gaurkoa. "Emaitza oso argia eta adierazgarria izan da", azpimarratu du.

Halaber, azken bi urteotan May bere alderdiaren interesen mesedetan soilik aritu dela salatu du Corbynek.

Zentsura-mozioak aurrera egiten badu, beste Gobernu bat eratuko litzateke eta Mayk dimisioa eman beharko luke. Beste aukerarik ez bada, egungo Gobernuak 14 eguneko epea izango du Parlamentuaren konfiantza berreskuratzeko. Lortuko ez balu, hauteskundeak aurreratuko lituzkete.

Nolanahi ere, Ipar Irlandako Alderdi Unionista Demokratikoak esan du Theresa Mayren Gobernua babesten segituko duela, gaur brexit-aren akordioaren kontra bozkatu badute ere. Hala adierazi du alderdi horretako Sammy Wilson bozeramaileak.

Alderdi Laboristak zentsura-mozioa gaindituz gero, alderdi politiko guztiekin elkarrizketak izango dituela agindu du Mayk, brexit-a gauzatzeko plan alternatiboa talde parlamentario guztien artean adosteko asmoz.

"Argi geratu da Komunen Ganbera Europar Batasunarekin egindako itunaren aurka dagoela, baina gaurko bozketak ez du argitu zer den Parlamentu honek babesten duena", azpimarratu du Mayk.

Bestalde, Jean-Claude Juncker Europar Batzordeko presidenteak uste du Komunen Ganberak hartu duen erabakiaren ondotik Erresuma Batuak Europar Batasunarekin itunik egin gabe brexit-a ezartzeko "arriskua" areagotu egin dela.

"Gaurko bozketa ikusita, Erresuma Batua modu ordenatu gabe batean ateratzeko arriskua dago. Guk ez dugu horrelakorik nahi eta, beraz, Europar Batzordeak lanean jarraituko du Europar Batasunari laguntzeko", adierazi du ohar batean.

Ildo berean, Erresuma Batuari eskatu dio "ahalik eta azkarren" argitu dezala "zer egin nahi duen".

Aukera ezberdinak

Zentsura-mozioa gaindituz gero, litekeena da May Bruselara joatea berriro Ipar Irlanda eta Irlandaren arteko mugari lotutako mekanismoari buruz berme legal gehiago eskatzeko asmoz; izan ere, hori da itunaren punturik polemikoena.

Muga hori irekita mantentzeko helburuarekin hitzartutako mekanismoa da. Brexit-aren itunaren aurka dauden diputatu britainiarrek uste dute puntu horrek Erresuma Batua Europar Batasunari lotuta segitzea ahalbidetzen duela.

Boris Johnson Atzerri ministro ohiak uste du Mayk Europar Batasunarekin egindako akordioak bere bidea agortu duela eta, beraz, lehen ministro britainiarrak Bruselara joan behar duela itun hobea negoziatzeko.

Beste aukera bat izan daiteke Mayk brexit-a gauzatzeko epearen luzapena eskatzea. Egungo itunaren arabera, epe hori martxoaren 29an amaituko da. Alde guztiek saihestu nahi dute Erresuma Batua aldebiko akordiorik gabe ateratzea EBtik.

Azkeneko aukera atzera egitea eta beste erreferendum bat deitzea izango litzateke, herritarrek brexit-a nahi duten ala ez berresteko.

Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak ebatzi zuenez, Erresuma Batuak eskubidea dauka aldebakarrez prozesu guztia geldiarazteko. Mayk, baina, brexit-a gauzatzeko asmoarekin azkeneraino joan nahi duela azpimarratu du.

Albisteak (5)