Itxi

'Brexit'a

EBk akordiorik gabeko 'brexit' baterako prestaketa lanak bizkortuko ditu

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Hamar aste gelditzen dira Erresuma Batua EBtik ateratzeko ezarritako egunerako, eta EBko negoziatzailearen esanetan, "badirudi akordiorik gabeko irteera inoiz baino gertuago dagoela".

Akordiorik gabeko irteerarako prestatzen hasi da EB. Argazki: EFE

Michel Barnier brexiterako EBko negoziatzaileak jakitera eman duenez, Europar Batasunak akordiorik gabeko brexit baterako prestaketa lanak bizkortuko ditu, Erresuma Batuak bere asmoak argitu bitartean. Izan ere, Erresuma Batuko Parlamentuak errefusatu egin du bart gauean Theresa May lehen ministroak brexitari buruz Europar Batasunarekin lortutako akordioa.

"Gure asmoa egoera hori saihestea da, baina zuhurrak izan behar gara. Hori dela eta, ahaleginak areagotuko ditugu jazoera horri aurre egiteko", esan du Barnierrek Eurokamarak atzoko emaitzen inguruan eztabaidatzeko egiten ari den osoko bilkuran.

Bruselak eta Erresuma Batuak azaroan adostutako akordioa "konpromiso" posibleen artean "onena" izan zela eta, atzoko ezetzaren ostean, Londreseko Gobernuari dagokiola hemendik aurrera zer egingo duen argitzea azaldu du negoziatzaileak.

Erresuma Batuko Komunen Ganberako 432 diputatuk bozkatu dute planaren aurka, eta 202k, ordea, alde.

Horrenbestez, EBren "lehentasun nagusia" Erresuma Batua EBtik modu txukunenean ateratzea lortzea dela esan du Barnierrek, baina martxoaren 29rako, Erresuma Batua EBtik ateratzeko ezarritako egunerako hamar aste gelditzen direnean, "badirudi akordiorik gabeko arriskua inoiz baino gertuago dagoela".

Hori dela eta, Europako Batzordeak, Estatukideek eta Eurokamarak azken hilabeteetan egindako lana bizkortuko dutela azaldu du Barnierrek.

Bestalde, Antonio Tajani Europar Parlamentuko presidentearen esanetan, akordiorik gabeko brexitaren aukerari aurre egin behar dio EBk, Erresuma Batuan bizi diren europarren eskubideak zein EBn bizi diren britainiarrenak ere babesteko, horiek izango baitira "akordiorik gabeko irteera baten lehen biktimak".

Hala ere, Erresuma Batuko Parlamentuak zer egingo duen ikusi behar dela esan du, "ahalik eta arinen" irtenbide bat bilatzeko.

Orain, Mayk hiru eguneko epea du beste plan bat aurkezteko.

Bozketaren emaitzak ezagutu eta gero, Jeremy Corbyn Alderdi Laboristako buruzagiak iragarri du Erresuma Batuko Gobernuaren aurkako zentsura-mozioa aurkeztu du.

Zentsura-mozioak aurrera egiten badu, beste Gobernu bat eratuko litzateke eta Mayk dimisioa eman beharko luke. Beste aukerarik ez bada, egungo Gobernuak 14 eguneko epea izango du Parlamentuaren konfiantza berreskuratzeko. Lortuko ez balu, hauteskundeak aurreratuko lituzkete.


Albisteak (6)