Erresuma Batua
Alderdi Laboristak aurkeztutako zentsura-mozioa gainditu du Mayk
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Theresa Mayk 'brexit' gauzatzeko asmoari eusten diola berretsi du eta talde parlamentario guztiekin bilera-sorta hasiko duela jakinarazi du.
Brexit-aren akordioari buruzko bozketan porrota jasan eta biharamunean, Theresa May lehen ministro britainiarrak gainditu egin du Jeremy Corbyn Alderdi Laboristako buruzagiak bere Gobernuaren aurka aurkeztu duen zentsura-mozioa.
Komunen Ganberako 325 parlamentarik May babestu dute, eta 306 izan dira kontra bozkatu dutenak. Gaurkoan, diputatu kontserbadore guztiek eta Erresuma Batuko Gobernua sostengatzen duten hamar diputatu ipar-irlandarrek bozkatu dute Mayren alde.
"Pozten naiz Ganberak Gobernua babestu duelako", esan du emaitza ezagutu ostean egindako agerraldian.
Halaber, brexit-arekin azkeneraino jarraitzeko asmoa berretsi du. "Eta helburu hori lortzeko parlamentari guztiekin lan egiteko prest nago", erantsi du.
Zentsura-mozioa gaindituz gero, alderdi guztiekin hitz egingo zuela agindu zuen atzo, eta hala egingo du; izan ere, talde parlamentarioekin bilera-sorta gaur gauean abiatuko duela jakinarazi du.
Jeremy Corbyn oposizioko buruzagia Gobernuarekin hitz egiteko prest agertu da, baina baldintza bat jarri dio: akordiorik gabeko brexit-a ezartzea bazter dezala. Ed Davey liberal demokraten arduradunak ere gauza bera eskatu dio.
Nigel Dodds Ipar Irlandako Alderdi Unionista Demokratikoak esan du elkarrizketaren bideari heldu behar zaiola, baina Irlandako mugaren kontrola guztia Erresuma Batuaren esku egongo dela bermatzeko exijitu dio Mayri.
Ipar Irlanda eta Irlandaren arteko muga da brexit-ari buruzko akordioaren punturik polemikoena. Itunaren kontra bozkatu zuten diputatu britainiarrek uste dute muga hori Bruselaren esku egongo bada, Erresuma Batuak nolabait Europar Batasunari lotuta jarraituko duela.
Eskoziako Alderdi Nazionalistak ere eskua luzatu dio Erresuma Batuko Gobernuari, baina egoera honi irtenbidea emateko beste erreferendum bat deitzeko aukera mahai gainean izan dezala galdegin dio Mayri.
Atzo Erresuma Batuko Gobernuak brexit-aren akordioari buruzko bozketa nabarmen galdu zuen, eta Europar Batasunak ez du beste negoziazio bat abiarazi nahi, itun hori egin daitekeen onena dela iritzita.
Testuinguru nahasi honetan, Mayk bi aukera izango lituzke: alde batetik, brexit-a gauzatzeko epearen luzapena eskatzea –Erresuma Batua martxoaren 29 atera beharko litzateke Europar Batasunetik, akordioarekin edo akordiorik gabe-; eta bestetik, prozesu guztia gelditzea eta atzera egitea. Alabaina, aukera horren aurka dago May.