Itxi

Erresuma Batua

Parlamentu britainiarrak urtarrilaren 29an bozkatuko du 'Brexit'erako bigarren plana

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Theresa Mayk datorren astelehenean aurkeztuko du Europar Batasunetik ateratzeko plan alternatiboa, eta hilaren 29an talde parlamentarioek erabaki bat hartu beharko dute.  

Theresa May Erresuma Batuko Parlamentuan. Artxiboko argazkia: EFE

Komunen Ganberak Europar Batasunarekin lortu zuen akordioa baztertu ostean, Theresa May lehen ministro kontserbadoreak datorren astelehenean aurkeztuko du 'Brexit'erako bere plan alternatiboa zein den, eta egitasmo hori hilaren 29an bozkatu dute Parlamentuan.

Andrea Leadsom bozeramaile kontserbadoreak baieztatu duenez, Mayk astelehenean azalduko ditu plan berriaren xehetasunak, eta hilaren 29an egun osoko eztabaida-saioa egingo dute. Eztabaida amaitu ostean egingo dute behin betiko bozketa.

Mayk bart hasi zuen talde parlamentarioekin iragarri zuen bilera sorta. Adostasun zabala bilatu nahi du, ziurgabetasun egoerari amaiera eman eta 'Brexit'aren prozesua berriro abiarazteko, baina oraingoz ez du urratsik lortu.

Bruselak azpimarratu du ez dela nahikoa Parlamentu britainiarraren babesarekin, eta bigarren plan horrek Europar Batasuneko herrialdeen oniritzia ere beharko duela erantsi du. Halaber, 'Brexit'aren "marra gorriak" Londresek ezarri zituela gogoratu du.

Bi aldeak bat datoz akordiorik gabeko irteerarik ez dutela nahi esaterakoan. Alabaina, Mayren lehentasuna 'Brexit'a gauzatzea da eta, beraz, ez du baztertzen aukera hori.

Jeremy Corbyn Alderdi Laboristako buruzagia prest agertu da Gobernuarekin negoziatzeko, baina ondoko baldintza ezarri dio Mayri: akordiorik gabeko irteeraren aukerari uko egin diezaiola.

Martxoaren 29rako –orduan amaitzen zaio Erresuma Batuari EBtik ateratzeko epea- itunik ez badago, 'Brexit'aren prozesua gelditu egin beharko litzatekeela uste du Corbynek.

Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak abenduan ebatzi zuen Erresuma Batuak bere kabuz prozesu guztia eteteko eskumena daukala.


Albisteak (5)