Venezuela
26 lagun hil dira Venezuelako protestetan, gobernuz kanpoko erakunde baten arabera
Agentziak | Erredakzioa
Gatazka Sozialen Behatokiak jakinarazi duenez, azken orduotan 26 lagun hil dira Venezuelan manifestarien eta indar armatuen arteko istiluetan.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Gutxienez 26 pertsona hil dira Venezuelan azken orduotan izan diren protestetan, Gatazka Sozialen Behatokiak emandako datuen arabera.
Balantze horretan identifikatuta dauden biktimak soilik hartu dituztela kontutan zehaztu du gobernuz kanpoko erakundeak Twitter bidez zabaldutako mezuan.
Oposizioko presoak babesten dituen gobernuz kanpoko beste erakunde baten esanetan, astelehenetik asteazkenera bitartean 328 lagun atxilotu zituzten Venezuelan.
Goizean, Herrialde Amerikarren Giza Eskubideen Batzordeak esan du hildakoak 16 direla.
"Herrialde Amerikarren Giza Eskubideen Batzordeak gertutik jarraitzen ditu Venezuelan ematen ari diren manifestazioak, eta jada 16 pertsona hil dira eta ehunka lagun zauritu eta atxiloketa izan dira", Twitter bidez erakundeak jakitera eman duenez.
Halaber, erakunde horrek "askatasuna, bizitza eta manifestarien segurtasuna" errespetatzeko eskatu dio Venezuelako Gobernuari, Nicolas Maduroren aldeko zein kontrako milaka lagun kalera atera ostean.