Atxiloketa
Alex Salmond Eskoziako ministro nagusi ohia atxilotu dute
Agentziak | Erredakzioa
Agintariek ez dute leporatu dioten delitua zehaztu oraindik, baina Salmond sexu-abusuengatik ikertzen ari dira.
Alex Salmond Eskoziako Gobernuko ministro nagusi ohia atxilotu dute, eta baliteke gaur bertan Edinburgoko Sheriffaren Auzitegiaren aurrean eramatea, Poliziak ostegun honetan jakinarazi duenez.
Salmond sexu-abusuengatik ikertzen ari dira abuztutik, 2007 eta 2014 bitartean gobernuburua izan zenean berarekin lan egin zuten bi emakumek sexu-abusuengatik salaketa jarri baitzioten. Salmondek ukatu egin ditu akusazioak.
Bestalde, agintariek ez dute leporatu dioten delitua zehaztu oraindik. Bertako hedabideen arabera, abusuak 2013an gertatu ziren, Brute Housen, Edinburgoko ministro nagusiaren egoitza ofizialean.
Salmond Eskoziako mugimendu independentistaren pertsona ospetsuenetariko bat izan da; 2014an herrialdeko ministro nagusia izateari utzi zion, eskoziarrek Erresuma Batutik ez banantzeko erabakia hartu baitzuten independentzia erreferendumean.
Dimisioa eman ostean, Sturgeonek hartu zuen Eskoziako Alderdi Nazionalistaren zuzendaritza.