Itxi

Venezuela

'Bere burua izendatu duen presidenterik' onartuko ez dutela esan du Armadak

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Venezuelan “gobernu paralelo bat ezartzeko legez kanpoko ekintzak” errefusatu ditu Armada Nazionalak.

Your browser doesn’t support HTML5 video

“Bere burua izendatu duen presidenterik” onartuko ez dutela esan du gaur Venezuelako Armada Nazionalak (FANB), Vladimir Padrino Defentsa ministroak irakurri duen agiri batean. Era berean, “atzerriko potentzia baten mende” jarriko ez direla ohartarazi du, eta zenbait gobernuren “esku-sartze baldarrak” arbuiatu ditu FANBk.

Juan Guaido Venezuelako Parlamentuaren buruzagiak bere burua “behin-behineko presidente” izendatu eta egun bat geroago egin du agerraldia Armadak. “Interes ilunen itzalean inposatutako” gobernari bat “sekula” onartuko ez dutela adierazi du FANBk.

Venezuelan “gobernu paralelo bat ezartzeko legez kanpoko ekintzak” errefusatu ditu Armada Nazionalak, baita “bide demokratikotik” aldentzeko “zenbait sektorek egindako dei azpikariak” ere.

Atzerriko gobernuek aurrera eraman dituzten esku-sartze baldarrak gogor arbuiatzen ditugu, nazioarteko zuzenbidearen eta herrien autodeterminazio eskubidearen aurkakoak direlako; gainera, venezuelarren duintasunarentzako iraingarriak dira”, azaldu dute idatzian.

"Interes ilunen itzalean inposatutako” gobernari bat “sekula” onartuko ez dutela adierazi du FANBk

Era berean, “bakea eta Estatuko erakundeen funtzionamendu zuzena” bermatuko ditu FANBk, eta ez du “euren helburuak lortzeko mekanismo maltzur bezala, indarkeria bultzatzen duten taldeen eraso terroristarik” onartuko.

Azkenik, Nicolas Maduro presidentearen “zilegitasuna” aintzatetsi du Armadak, “hauteskunde libre, unibertsal eta sekretuetan gehiengo zabala lortu zuelako 2018ko maiatzaren 20an”.

Agiria irakurri baino lehen, “Estatu-kolpea” salatu du Padrinok. Guaidok bere burua “behin-behineko presidente” izendatzea “gaitzetsi” du Defentsa ministroak.

Venezuelako oposizioaren “eragileek bere onetik aterata, indarkeriaz, modu eskizofrenikoan” boterera heldu nahi izatea salatu du Padrinok, baina “arrakastarik” izango ez dutela iragarri du.

Albisteak (8)

Bideoak (1)