VENEZUELA
Guaidok ez du baztertzen Madurori 'amnistia' eskaintzea balizko trantsizio batean
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Asteazkenean bere burua Venezuelako presidente izendatu zuen. Estatu kolpearen akusazioak baztertu ditu eta Konstituzioaren arabera jardun duela berretsi du.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Juan Guaidok, gaur egun Venezuelako Asanblea Nazionaleko presidente den eta asteazkenean bere burua herrialdeko presidente izendatu zuenak, Univision AEBko telebista kateari eskainitako elkarrizketa batean adierazi duenez, ez du baztertzen Nicolas Maduro Venezuelako presidenteari amnistia eskaintzea balizko trantsizio batean.
Halaber, Guaidok estatu kolpearen akusazioak baztertu ditu eta Konstituzioaren arabera jardun duela berretsi du.
"Atzo egin genuena Konstituzioa besarkatzea izan zen. Konstituzioak ematen dizkigun eskumenak baliatu genituen Venezuelak bizi duen usurpazioa eteteko", esan du.
Oposizioko buruak bere burua Venezuelako presidentetzat jo zuen asteazkenean, kalean egindako ekitaldi batean, eta Ameriketako herrialde gehienek babesa agertu diote, Ameriketako Estatu Batuek (AEB) barne.
Nicolas Maduroren Gobernuak ere atzerriko herrialdeen babesa jaso du. Venezuelak inguru horretan dituen ohiko aliatuak, baina, Maduroren alde jarri dira, eta baita Errusia eta Txina ere.