Venezuela
Espainiak eta Frantziak Guaido onartuko dute, Madurok hauteskundeak deitzen ez baditu
Agentziak | Erredakzioa
Pedro Sanchezek eta Emmanuel Macronek Venezuelaren inguruko jarrera bera hartu dute. Nicolas Maduro presidenteari "hauteskunde askeak" deitzeko zortzi eguneko epea eman diote.
Espainiako Gobernuaren presidentea, Pedro Sanchez, eta Frantziako presidentea, Emmanuel Macron, bat datoz Venezuelan izan beharreko estrategiarekin. Nicolas Maduro Venezuelako presidenteari zortzi eguneko epean "hauteskunde askeak" deitzeko eskatu diote biek. Bestela, bi estatuek Juan Guaido onartuko dute Hegoamerikako herrialdeko presidente bezala.
"Ez ditugu Venezuelan gobernuak jarri edo kendu nahi. Demokrazia eta hauteskunde askeak eta gardenak nahi ditugu Venezuelan", esan du Sanchezek adierazpen instituzional batean.
Espainiako Gobernuko presidenteak azaldu duenez, "Venezuelak urte asko eman ditu oso krisi ekonomiko, politiko eta sozial larri batean". Venezuelari dagokionez "Espainia, momentu oro, EBko jarreraren buruan" egon dela nabarmendu du Sanchezek.
Frantziako presidenteak hartu duen jarrera bera da hori. "Venezuelako herriak bere etorkizuna libreki erabakitzeko ahalmena izan behar du. 8 egunetan hauteskundeak deitu ezean, Juan Guaido Venezuelako 'presidente enkargatu' bezala onartu genezake. Gure aliatu europarrekin batera lan egiten dugu", idatzi du Macronek Twitterren.
Le peuple vénézuélien doit pouvoir décider librement de son avenir. Sans élections annoncées d’ici 8 jours, nous serons prêts à reconnaître @jguaido comme « Président en charge » du Venezuela pour enclencher un processus politique. Nous y travaillons entre partenaires européens.
— Emmanuel Macron (@EmmanuelMacron) 26 de enero de 2019
Urtarrilaren 23an, asteazkena, Juan Guaidok, Venezuelako Parlamentuko liderrak, bere burua Venezuelako presidentetzat hartu zuen, Nicolas Madurok urtarrilaren 10ean hasitako sei urteko aginte berria legez kontrakoa hartuta. AEBk, Kolonbiak eta Brasilek, besteak beste, Guaido onartu dute.
Borrelli erantzun zion Madurok
Ostiralean, Josep Borrelek, Espainiako Kanpo Arazoetarako ministroak, Espainiako Gobernuak EBko beste herrialdeei Venezuelako "erregimenari" hauteskundeak deitzeko "tarte" bat ematea proposatu zien, eta, bestela, "bitarteko presidentea" onartzea bezalako beste neurriak kontuan izatea eskatu zuen, "Parlamentuak hauteskundeak deitu ditzan".
Madurok Borreli erantzun zionez, Espainiar Estatuak deitu behar ditu hauteskundeak, Pedro Sanchez ez omen zutelako hauteskundeetan aukeratu, eta Gobernuko presidenteari Jose Maria Aznarren gidoia errepikatzea leporatu zion, baita bere burua eskuinerago kokatzea ere.