ERRESUMA BATUAREN IRTEERA
Europar Batasunak baztertu egin du 'brexit'ari buruzko akordioa berriz negoziatzea
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Michel Barnier EBko 'brexit'-erako negoziazioen buruak Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroa kritikatu du, berak EBrekin negoziatutako akordioaren aurka egiteagatik.
Erresuma Batua Europar Batasunetik (EB) irteteko Londresek eta Bruselak lorturiko akordioa berriz negoziatzea baztertu dute Batasuneko agintariek. Aste honetan Londresko Komunen Ganberan egindako saioan, Irlandako mugarako larrialdi planaren ordez (backstop) "akordio alternatiboak" hitzartzea proposatu zion Theresa Mayk EBri.
"Irteerarako akordioa da posible den bakarra eta onena. Europar Batasunak hori esan zuen azaroan, abenduan eta urtarrilean. Komunen Ganberako eztabaidak eta bozketak ez dute hori aldatzen. Erresuma Batuaren irteerari buruzko akordioa ez da berriz negoziatuko", esan zuen atzo Jean-Claude Juncker Europako Batzordeko presidenteak.
Junckerrek Europako Parlamentuan egindako saioan adierazi duenez, ez Londresek ez Bruselak ez dute Irlandaren eta Ipar Irlandaren artean muga fisikorik egoterik nahi. Ildo horretan, Irlandan muga ekiditeko mekanismoa "segurtasun sarea" dela berretsi du.
Junckerren esanetan, aste honetako Komunen Ganberako saioaren ostean jakina da diputatuak gauza askoren kontra daudela (akordiorik gabeko irteera baten edo backstop delakoaren baten kontra), baina Europar Batasunak ez daki oraindik zeren alde dauden.
Horrela, brexit gogorraren aukera gero eta handiagoa dela azpimarratu du. Giro honetan, Europako Batzordeak neurri berriak onartu ditu, aurten Erasmus programari esker Erresuma Batuan dauden ikasleei beka osorik ziurtatzea, tartean.
Bestalde, Michel Barnier EBko brexiterako negoziazioen buruak Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroa kritikatu du, berak EBrekin negoziatutako akordioaren kontra egiteagatik eta akordioa berriro negoziatzearen alde agertzeagatik.
Horrez gain, Theresa Mayk Irlandako mugarako aipatu zituen "akordio alternatibo" horiek zer diren argitzeko eskatu dio.