Itxi

Venezuela

Guaido Venezuelako presidente gisa ez onartzeko erabakiari eusten dio Italiak

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Gainera, Austriako Exekutiboak gobernuak ez dituztela onartzen azaldu du, arrazoi legalengatik. Grezia, Zipre, Eslovakia, Luxemburgo eta Suediak ere ez dute Guaido presidentetzat hartu.

Juan Guaidok Venezuelako behin behineko presidente izendatu du bere burua / Argazkia: EFE.

Luigi di Maio Italiako Gobernuko presidenteordeak eta 5 Izar Mugimenduaren liderrak Exekutiboak Juan Guaido Venezuelako presidentetzat ez hartzeko erabakia defendatu du "herriak ez duelako hautatu".

"Aldaketa Venezuelako hiritarrek erabakitzen dute. Gu demokraziaren alde gaude, eta beraz, hauteskunde berriak bultzatu nahi ditugu", azaldu du Di Maiok. Italiako Gobernua osatzen duten alderdiak abstenitu egin ziren Europako Parlamentuko bozketan.

Nicolas Maduro presidentea ere onartzen ez dutela azaldu du Di Maiok, eta "Venezuela nork gidatzen duen erabakiko duten hauteskundeak" baino ez ditu babesten.

Di Maiok esan duenez, iraganean akatsak egin dira "Mendebaldeko estatuek beste estatuetan esku hartu dutenean".

"Daukagun interes handiena Venezuelan gerra bat saihestea da, Libian egin zen eta orain denek onartzen duten akats bera egitea da. Venezuelan gauza bera gertatzea ekidin behar dugu. Italiak bitartekaritza ekintza diplomatiko bat babesten jarraituko du, beste estatuekin batera, ultimatumik gabeko hauteskunde batzuetara heltzeko", gehitu du Di Maiok.

Italiaren erabakiari buruz, Venezuela Libia ez dela esan du Guaidok, eta Italiari "zuzena egiteko" eskatu dio, "Venezuelan egunero bizitzak galtzen direlako".

Austria: "Ez ditugu gobernuak onartzen"

Austriako Gobernuak ere Juan Guaido ez onartzeko erabakiari eusten dio, legezko arrazoiengatik, Karin Kneissel Atzerri ministroak esan duenez.

"Austriak eta beste herrialde askok estatuak onartzen ditugu. Ez ditugu gobernuak onartzen. Ez dut legalistegia izan nahi, baina ez ditugu gobernuak onartzen", azaldu du Austriako diplomaziaren buruak.

Kontrako iritziak EBen

EBko Atzerri ministroek Venezuelarekiko eman beharreko urratsen inguruan eztabaidatu zuten ostegunean, Bukaresten, behin Espainiak, Frantziak, Alemaniak eta Erresuma Batuak Nicolas Madurori hauteskundeak deitzeko eman dioten zortzi eguneko epea betetzen denean –igandean-. Portugal, Polonia, Belgika eta Herbehereak ere estrategia horretara batu dira.

Italia eta Austriaz gain, Greziak ere Guaido berehala onartzea baztertu du, eta Ziprek eta Eslovakiak ere erreparoak erakutsi dituzte. Luxenburgorentzat "ondorio juridikoak" kontuan hartzea beharrezkoa da, eta Suediak ere ez duela onartuko esan du, "estatuak onartzen baitira, eta ez pertsonak".

90 eguneko epean hauteskunde berriak egiteko harreman taldea

EBko eta Latinoamerikako herrialdeek osatutako harreman talde bat martxan jarriko dutela iragarri zuen Federica Mogherini EBko Atzerri eta Segurtasun Politikako goi-ordezkariak ostegunean. Venezuelan presidentetzarako hauteskundeak 90 eguneko epean deitzeko borondaterik dagoen aztertuko du taldeak.

Tajani: "Herrialde batzuei adorea falta zaie demokrazia defendatzeko"

Europako Parlamentuko presidente Antonio Tajanirentzat, EBko herrialde batzuei "adorea" falta zaiela "Venezuelan demokrazia defendatzeko", Guaido onartu ez dutenen gobernuak kritikatuta.

Tajanik esan duenez, Europako Parlamentuaren mezua "oso sendoa" da, eta harro agertu da, Maduroren "diktaduraren" kontra, demokrazia defendatzeko "indarra" duen parlamentu bateko presidentea izateagatik.

"Baina uste dut Europako herrialde batzuei adorea falta zaiela munduan demokrazia indar handiagoarekin defendatzeko, kasu honetan demokrazia Venezuelan", gehitu du.

Albisteak (12)