Venezuela
Europar Batasuneko 19 herrialdek Guaido babestu dute adierazpen bateratu batean
Agentziak | Erredakzioa
“Bere agindu konstituzionalaren markoan, atzerapenik gabe” prozesu “politiko eta baketsu” bat martxan jartzea eskatu dio Eusko Jaurlaritzak Guaidori, herrialdea hauteskundeetara eramateko.
Espainiak eta Europar Batasuneko beste 18 herrialdek Juan Guaido Venezuelako Batzar Nazionaleko presidentea aitortzeko eta babesteko adierazpen bateratu bat sinatu dute astelehen honetan, “presidentetzarako bidezko hauteskunde libre eta demokratikoak deitzeko” helburuarekin.
Espainia, Portugal, Alemania, Erresuma Batua, Danimarka, Herbehereak, Frantzia, Hungaria, Austria, Finlandia, Belgika, Luxenburgo, Txekiar Errepublika, Letonia, Lituania, Estonia, Polonia, Suedia eta Kroaziak sinatu dute adierazpena.
“Nicolas Madurok hauteskunde prozesua martxan ez jartzeko erabakia” hartu duela ikusita, ekimena babestu dute sinatzaileek. EBko 28 estatu kideren izenean hauteskundeak deitzea eskatu zion Federica Mogherini Atzerri Politikarako eta Segurtasunerako goi ordezkariak Madurori.
EBko 9 herrialdek, aldiz, ez dute adierazpen bateratua babestu. Presidentetzarako hauteskunde demokratikoak deitzeko legezko prozedura “zortzi eguneko epe baten barruan” martxan jartzea eskatu zioten EBko zenbait estatuk Madurori urtarrilaren 26an.
Madurok “hauteskunde prozesua martxan ez jartzeko erabakia hartu duela gogoan hartu dugu”, azaldu dute adierazpen bateratuan. Ondorioz, “Venezuelako Konstituzioaren arauekin ados, Juan Guaido babesten eta aitortzen dugu” Venezuelako behin-behineko presidente gisa, “bidezko hauteskunde libre eta demokratikoak deitzeko helburuarekin”.
Bestalde, Venezuelako krisia konpontzen saiatzeko herrialde ezberdinek proposatutako ekimenekin bat egingo ez duela iragarri du NBEk, Antonio Guterres idazkari nagusiak jakitera eman duenez.
Hala ere, Venezuelako Gobernuari eta oposizioari egindako bitartekaritza eskaintza propioa mahai gainean mantenduko du Nazio Batuen Erakundeak, Guterresek kazetarien aurrean azaldu duenez.
Azkenik, “bere agindu konstituzionalaren markoan, atzerapenik gabe” prozesu “politiko eta baketsu” bat martxan jartzea eskatu dio Eusko Jaurlaritzak Juan Guaidori, bere burua “behin-behineko presidente” izendatu zuenari, herrialdea hauteskundeetara eramateko.
Venezuelak bizi duen egoerarekin “kezka handia” azaldu du EAEko Exekutiboak agiri batean. Irtenbide “demokratiko, legal, bidezko eta baketsu” baten aldeko apustua berretsi du Jaurlaritzak.
Iragan maiatzeko hauteskundeek “zilegitasun demokratikorik” ez zutela uste du Eusko Jaularitzak. Horregatik, Batzar Nazionalari “erabateko babesa” adierazi dio, “Venezuelako herriaren ordezkari demokratiko legitimoa delako”, baita erakunde horretako presidenteari ere.
“Une oro Venezuelako herriaren segurtasuna eta ongizatea aurretik jartzeko” eskatu du Eusko Jaularitzak.