Itxi

VENEZUELA

Europa eta Latinoamerikako ordezkariak Uruguain bilduko dira gaur Venezuelaren harira

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Bolivia, Costa Rica, Ekuador, Mexiko, Uruguai, Alemania, Espainia, Frantzia, Holanda, Italia, Portugal, Erresuma Batua eta Suediak parte hartuko dute bileran.

Europa eta Latinoamerikako ordezkariak Uruguain bilduko dira gaur Venezuelaren harira. Argazkia: EFE

Europa eta Latinoamerikako hainbat herrik osatzen duten harremanetarako nazioarteko taldeak bilera egingo du ostegun honetan Montevideon, Venezuelaren krisiari irtenbide baketsua emateko.

Federica Mogherini Batasuneko atzerri- eta segurtasun-politika erkideko goi-ordezkariak eta Tabare Vazquez Uruguaiko presidenteak zuzenduko dute bilera; horretan, Bolivia, Costa Rica, Ekuador, Mexiko, Uruguai, Alemania, Espainia, Frantzia, Holanda, Italia, Portugal, Erresuma Batua eta Suediako ordezkariek parte hartuko dute.

Uruguaik eta Mexikok, Karibeko herrialdeekin batera, atzo aurkeztutako "Montevideoko Mekanismoa" proposatuko diete gainerako herrialdeei, "elkarrizketa eta bakea bultzatuko duen proposamen baketsua eta demokratikoa" aurrera ateratzeko, Mexiko, Uruguaik, eta Karibeko herrialdeek agiri batean jakitera eman dutenez.

Montevideoko estrategia lau etapatan antolatu dute: Berehalako elkarrizketa, Negoziazioa, Konpromisoak eta Inplementazioa. Helburua Venezuelako krisiari erabateko irtenbidea bilatzea da.

Nicolas Maduro Venezuelako presidenteak "Montevideoko Mekanismoa" babesten duela esan zuen atzo (asteazkena), Juan Guaido bere burua presidente izendatu duenak, ordea, Madurok presidentetza usten baldin badu soilik elkarrizketetan parte hartuko duela esan du.

Horrenbestez, krisian parte hartuko duten Gobernuek Venezuelan tentsioa gutxitzeko eman beharreko baldintzen inguruan berba egingo dute gaur.

Bilerak hiru ordu inguruko iraupena izango du eta eguerdi aldera (ordu lokala) hasiko da. Bilera amaitutakoan, prentsa agerraldia egingo dute Mogherinik eta Vazquezek, Efe albiste agentziak jakitera eman duenez.

Albisteak (3)