Bilerak
Brexitaren akordioa berriro negoziatzeko asmorik ez duela berretsi dio EBk Mayri
Agentziak | Erredakzioa
Irlandako "backstop"a aldatzeko EBtik “ateratzeko ituna berriz zabalduko ez” dutela errepikatu dio Junckerrek Mayri.
Hilabete honetan beste bilera bat egingo dute Bruselako eta Londreseko negoziazio taldeek, brexitaren akordioa itopuntutik ateratzen saiatzeko. Etorkizuneko harremanaren oinarriak ezartzen dituen adierazpen politikoaren “idazketa” berrikustea eskaini dio Jean-Claude Juncker Europako Batzordearen presidenteak Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroari, baina EBtik ateratzeko itunaren osagai “legalki lotesleak” berriro negoziatzeari uko egin dio.
Gutxi gorabehera ordu eta erdiko bilera egin dute Mayk eta Junckerrek. Aurrera egiteko moduaren inguruan eztabaida “irmo, baina konstruktiboa” izan dute. Komunen Ganberako eskakizunak asebetetzeko “zenbait aukera” planteatu ditu lehen ministroak, baina ituna berriz irekitzeko tarterik ez dagoela erantzun dio Junckerrek, agiri bateratu batean bi aldeek azaldu dutenez.
Londresek mahai gainean jarri dituen aukera guztiek Ulsterreko muga “bigunerako” segurtasun sarean (edo backstopean) aldaketak planteatzen dituzte. Aldi baterako mekanismoa izango litzateke, eta azken irtenbide edo baliabidea brexita ostean bi Irlanden artean kontrol fisikoak eta aduanak berriro ezartzea saihesteko akordio hobea lortu ezean.
Egoera desblokeatzeko helburua duen bilera sorta bati eman dio hasiera Mayk Europako Batzordearen egoitzan, Bruselan. Horrela, Antonio Tajani Europako Parlamentuko eta Donald Tusk Europar Kontseiluko presidenteekin ere bildu da.
Irlandako backstopa aldatzeko EBtik “ateratzeko ituna berriz zabalduko ez” dutela errepikatu dio Junckerrek Mayri. Etorkizunera begira, Erresuma Batua hirugarren herrialde bat denean, aldeek izango duten harreman ereduaren oinarriak arautzeko testuan “idazketa berri bat” negoziatzeko prest agertu da Juncker.
Irlandaren salbaguardiarako legalki lotesleak diren mugak negoziatu nahi dituela “argi utzi” die Mayk Europako buruzagiei, Erresuma Batuko lehen ministroak bilerak amaitu ondoren Bruselan azaldu duenez.
Tusken eta Mayren arteko batzarrean tentsioa espero zen; izan ere, bezperan Poloniako lehen ministro ohiak modu seguru batean aurrera eramateko egitasmorik gabe brexita bultzatu zutenentzako “infernuan toki berezi” bat izatea espero zuela adierazi zuen ironiaz.
Mota horretako adierazpenek negoziazio prozesuari “laguntzen ez” diotela esan dio Mayk Kontseiluko presidenteari. Adierazpenok Erresuma Batuan “haserrea” sortu zutela erantsi du lehen ministroak.