Krisia VENEZUELAN
Venezuelan kolpe militarra eragitea zen Guaidoren asmoa, Maduroren esanetan
Agentziak | Erredakzioa
Bestalde, "Federica Mogheriniri, EBri eta Europako Gobernuei Venezuelan huts egin izana" egotzi die Madurok, "alde bakarra entzun dutelako".
Nicolas Maduroren esanetan, Juan Guaidok Gobernuaren aurkako Estatu kolpe militarra eregiteko asmoa zuen. Guaidoren asmoak "ezagutzen" zituela, baina "porrot egin duela" esan du Madurok "Euronews" informazio telebista katean egindako elkarrizketan.
Maduroren esanetan, Guaido "atzean utziko dugun kontua" da. Halaber, "oposizio osoarekin hitz egiteko" beharra azpimarratu du "zer gertatzen ari den argitzeko". Horren harira, "oraindik publikoa ez bada ere, oposizioarekin harremanak mantentzen dituela" esan du.
Azken egunotan Gobernuaren aurka antolatutako manifestazio anitzen inguruan galdetuta, "egunero atera daitezkeela" esan du.
"Ez da lehen aldia. 2002 eta 2003 urteen artean, Chavez komandantearen aurkako Estatu kolpean, egunero hiru manifestazio egiten zituzten. Beraz, egin ditzatela. 2018an 120 egun atera ziren kalera. Eskubidea dute, gainera, kalera ateratzeko eta eskaerak egiteko, baina beti modu baketsuan. Venezuela demokrazia mobilizatu bat da", adierazi du Madurok elkarrizketa horretan.
Bestalde, "Federica Mogheriniri, EBri eta Europako Gobernuei Venezuelan huts egin izana" egotzi die Madurok. "Alde bakar baten bertsioa entzun dute eta horretara makurtu dira. Ez dituzte herriaren eskakizunak entzun. Herritarrek bakea, elkarrizketa eta ulermena nahi dute", esan du.
"Herriaren egoera zein den ulertuko ez banu, ez nintzateke presidente izango. Ez nuen Harvarden edo Ameriketako eskoletan ikasi; ez dut printzeen abizena edo odola. Langilea naiz, herriko gizona eta egunero herritarrekin harremanetan nago, horregatik gertatzen denaz erabat jabetzen naiz", gaineratu du.