Venezuela
Kolonbiako mugan 'kontzertu handi' bat iragarri du Maduroren Gobernuak
Agentziak | Erredakzioa
“Kendu eskuak Venezuelatik” lelopean egingo dute kontzertua. Gainera, Cucutako biztanleriari laguntzeko 20.000 kutxa bidaliko dituela iragarri du Caracasek.
Otsailaren 22an eta 23an, Kolonbiako mugan, “kontzertu handi” bat izango dela iragarri du Nicolas Maduroren Gobernuak astelehen honetan. “Kendu eskuak Venezuelatik” lelopean egingo dute kontzertua. Aldi berean, Cucuta hirian beste kontzertu bat egingo dute, laguntza humanitarioa babesteko.
“Bakearen eta bizitzaren aldeko kontzertu handi bat egiteko Venezuelako artista askok proposamena egin digute”, esan du Jorge Rodriguez Informazio ministroak VTV telebistan.
Kontzertuan izango diren artistak ez ditu zehaztu. Kolonbia eta Venezuela lotzen dituen Simon Bolivar zubian egingo dute kontzertua. “Mundu osoko anai-arrebek parte hartu nahi dute” eta bi egunetan antolatu behar izan dutela azpimarratu du Rodriguezek.
Datorren larunbatean beste “kontzertu handi” bat izango da Cucutan: "Venezuela Aid Live". Richard Branson Virgin taldeko fundatzaileak iragarri zuen otsailaren 14an.
Ivan Duque Kolonbiako agintariak eta Juan Guaido Venezuelako Parlamentuko buruzagiak (50 bat herrialdek presidente aitortu dute) kontzertuaren garrantzia azpimarratu zuten iragan ostiralean, laguntza humanitarioaren alde mundua mobilizatzeko.
Bestak beste, Luis Fonsi, Juanes, Ricardo Montaner, Juan Luis Guerra, Fonseca, Alejandro Sanz, J Balvin, Carlos Vives, Nacho, Anitta, Mau eta Ricky, Danny Ocean, Alesso Dj eta Marko, Lele Pons eta Rudy Mancuso youtuberrak kontzertuan izango dira.
Bestalde, Cucutako biztanleriari laguntzeko 20.000 kutxa bidaliko dituela iragarri du Venezuelako Exekutiboak.
Paraleloan, osasun-langileek umetxoak eta adingabeak doan artatuko dituzte Cucutan, Rodriguezek prentsaurrekoan azaldu duenez.
Elikagaiak ostiralean eta larunbatean bidaliko dituzte.