Venezuela
Indarkeria ez erabiltzeko eta laguntza sartzen uzteko eskatu dio EBk Madurori
Agencias | Redacción
EBko Kanpo Politikarako goi ordezkariak, Federica Mogherinik, "zibilak eta legegileak ikaratzeko talde armatu irregularrak erabiltzea" gaitzetsi du.
Europar Batasunak "moderatua izateko, indarraren erabilera saihesteko eta laguntza sartzen uzteko" eskatu dio Venezuelako Gobernuari.
"Segurtasun erakundeei eta legearen betearazleei moderazioa erakusteko deia egiten diegu, indarra erabiltzea saihesteko eta laguntza sartzen uzteko", esan du Federica Mogherini Europar Batasuneko Kanpo Politikarako goi ordezkariak.
Gainera, "laguntza banatzeko antolatu diren zibilak eta legegileak ikaratzeko talde armatu irregularrak erabiltzea" gaitzetsi du EBk.
Venezuelako bizi baldintzen okertzea deitoratu du Mogherinik," venezuelarrak gero eta gehiago nabaritzen ari direnak, herrialdea kolpatzen ari den dimentsio askotako krisi bati lotuta".
Esan duenez, Nicolas Maduro presidenteak "larrialdi humanitarioa ez onartzeak" tentsioen areagotzea dakar.
Mogheriniren arabera indarkeria ekintzei buruzko "txosten kezkagarriak" daude, eta "biktimak gero eta gehiago dira", batez ere muga inguruan eta Pemon komunitate indigenan.
EBko ordezkariak gogorarazi duenez, Europak 60 milioi euro baino gehiago zuzendu du Venezuelara laguntza humanitarioan, "ahulen sufrimendua arintzera" bideratuta.
Testuinguru horretan, EBren konpromisoa "beharrezkoa den denbora guztian zehar behar dutenei laguntzea", laguntza indartzea eta NBEko agentzien gidaritzapeko "koordinazio mekanismoen" alde lan egitea da, "gizatasunaren, neutraltasunaren, inpartzialtasunaren eta independentziaren printzipioak" kontuan hartuta.
Mogherinirentzat, Venezuelako krisiaren jatorria "politikoa eta erakunde mailakoa" da, eta beraz, "konponbidea politikoa besterik ezin da izan". "Indarkeria eta eskualdea ahuldu dezakeen edozein ekimen gaitzesten dugu", azpimarratu du.
"Demokrazia berriz ezartzeko presidentetzarako hauteskunde libre, garden eta sinesgarrien aldeko deia berresten dugu", esan du, eta gehitu du EBk Nazioarteko Harremanetarako Taldearen bitartez "prozesu hori babesteko prest dagoela".