Erresuma Batua
'Brexit'aren 'atzerapena' proposatu die Mayk diputatu britaniarrei
Agentziak | Erredakzioa
Luzapen hori "ekainaren bukaera artekoa" izango litzatekeela esan du Mayk.
Europar Batasunetik ateratzeko negoziazioen geldialdiari aurre egiteko hainbat proposamen egin dizkio Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroak diputatu britainiarrei; esaterako, Brexitaren 'atzerapen mugatua' egitea. Luzapen hori "ekainaren bukaera artekoa" izango litzatekeela esan du Mayk.
Bestalde, Komunen Ganberako diputatuen mesfidantzak salbatzeko "ordezko akordioen" negoziazioetan "aurrerapenak" izan direla azpimarratu du Mayk; batez ere, Irlandako muga babesteko negoziazioetan.
Horrenbestez, martxoaren 29a heldu bitartean, Gobernuak jarraituko duen egutegia aurkeztu du Erresuma Batuko lehen ministroak, "denbora amaitzear dagoelako eta legegileak erabat kezkatua daudelako". Bi urte beteko dira martxoaren 29an, Lisboako Ituna martxan jarri zutenetik.
Hori horrela, martxoaren 12an itun berria berriro bozkatzea nahi du Mayk, eta urtarrilean gertatu bezala ezetza nagusitzen bada berriro, hurrengo egunean akordiorik gabeko etendura babesten edo gaitzesten duten galdetzeko mozioa aurkeztuko die parlamentariei.
"Erresuma Batua (EBtik) akordiorik gabe aterako da soilik, horretarako baimen esplizitua ematen badute", esan du Mayk.
Diputatuek aukera hori baztertzen badute, orduan Mayk Brexitaren "luzapen laburra eta mugatua" proposatuko du, "50. artikuluaren luzapena gehiago luzatu nahi ez duen arren". Mayren ustez, luzapen horrek ekainera artekoa izan beharko luke; besteak beste, maiatzaren amaieran EBko hauteskundeak direlako eta, horrenbestez, Erresuma Batuak horietan parte hartu beharko lukeelako.
Hala ere, Mayren hitzetan, "luzapenak ez du akordiorik gabeko irteera baztertzen", eta, beraz, baliteke hausturaren aukera hilabete batzuk luzatzea soilik.