Itxi

Israel

Netanyahu hiru ustelkeria auzitan inputatuko dute

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Fiskal nagusiak lehen ministroari funtzionario-eroskeria, iruzurra eta konfiantza haustea leporatuko dizkio auzietako batean, eta azken bi delituak beste bi kasutan.

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa. Argazkia: EFE

Israelgo Fiskaltza Nagusiak Benjamin Netanyahu lehen ministroari funtzionario-eroskeria, iruzurra eta konfiantza haustea leporatuko dizkio ustelkeria kasu batean, eta azken bi karguak beste bi auzitan.

Formalki inputatu baino lehen, akusatuak frogen edo irakurketa legalaren aurkako argudioak aurkeztu ahal izango ditu saio batean. Egozpena hilabeteak edo urtebete atzeratu daiteke.

Funtzionario-eroskeria delitu larriena, iruzurra eta konfiantza haustea 4000 edo Bezeq auziagatik leporatuko dizkiote. Netanyahuk Bezeq telefonia erraldoiari mesede egin ote zion ikertzen ari dira. Trukean Walla albiste atariak lehen ministroaren eta Sara haren emaztearen alde egin behar zuen. Shaul Elovitch enpresaburuak kontrolatzen du albiste ataria.

Era berean, iruzurra eta konfiantza haustea egotziko dizkiote 1000 eta 2000 auzietan.

Aurrenekoan Netanyahuk eta haren familiak Arnon Milchan eta James Packer enpresaburu aberatsen opari garestiak jaso ote zituzten ikertzen ari dira. Lehen ministroari iruzurra eta konfiantza-abusua leporatuko dizkiote.

Bestalde, 2000 auzian, gobernuburua Yediot Aharonot egunkariko jabearekin akordio batera heltzen saiatu ote zen ikertzen ari dira. Trukean egunkariak aldeko kanpaina egin behar zion Netanyahuri, Israel Hayom doako eta kontrako hedabidearen eragina murrizteko.

Avijai Mandelblit fiskal nagusiaren erabakiak apirilaren 9ko hauteskundeen emaitzetan eragina izan dezake. Bi urte baino gehiago eman dituzte ikerketan, eta Poliziak auzipetzeko gomendioa eman du.

Albisteak (1)