Itxi

BREXIT

Ipar Irlandako mugaren inguruko berme erantsia adostu dute Mayk eta Junckerrek

AGENTZIAK

Leer en Castellano

Komunen Ganberak 'brexit'ari buruz asteartean egingo duen bozketaren bezperan, May lehen ministroak eta Europako Batzordeko presidenteak Ipar Irlandako mekanismoaren inguruko adostasuna lortu dute.

Theresa May eta Jean-Claude Juncker. Artxiboko argazkia: EFE

Erresuma Batuko Komunen Ganberak brexitaren inguruan gaur egingo duen bozketa erabakigarriaren atarian, Ipar Irlandako mugaren inguruan berme erantsia jasotzen duen akordio loteslea lortu zuten atzo, "azken unean", Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroak eta Jean-Claude Juncker Europako Batzordeko presidenteak.

Jean-Claude Juncker Erresuma Batuko presidenteak atzo gaueko bileraren osteko prentsaurrekoan ziurtatu zuenez, Ipar Irlandako mekanismoaren inguruan lorturiko azken adostasunak Erresuma Batuaren irteerako baldintzak osatzen ditu. Aitzitik, Europar Batasunetik modu ordenatuan irteteko azken aukera dela ohartarazi zien diputatu britainiarrei.

Batzuetan politikan bigarren aukerak egon ohi direla esan zuen atzo Junckerrek. Hala eta guztiz ere, Komunen Ganberak Mayren akordioa errefusatuko balu, hirugarren aukerarik ez dela izango nabarmendu zuen. "Argi hitz egin dut, ez da negoziazio gehiagorik egongo", gaineratu zuen.

Theresa Mayren esanetan, Erresuma Batuko Gobernuak segurtasun handiagoa lortu du Ipar Irlandarako salbuespen mekanismo hori ez dadin betikotu: "Juridikoki loteslea izango da Parlamentu britainiarrak eskatu bezala". Hori dela eta, Komunen Ganberak brexitari buruzko akordioa babestea espero du Mayk.

"Aldaketa hauekin argi gelditzen da (backstop) behin-behinekoa izango dela eta aplikatzekotan alternatibak bermatuko ditugu, Parlamentuak eskatu bezala", azaldu zuen.

Hitzartutakoa, Ipar Irlanda eta Hego Irlandako mugarentzat aseguru-poliza baten modukoa dela nabarmendu dute bi aldeek.

Gaur Komunen Ganberak Theresa Mayren proposamena onartuko balu, Erresuma Batua martxoaren 29an aterako litzateke Europar Batasunetik. Atzera botako balu, berriz, beste bozketa prozesu bat zabalduko litzateke: Erresuma Batua EBtik akordiorik gabe joatea bozkatuko lukete asteazkenean diputatuek, eta hori ere onartuko ez balitz, beste bozketa bat egingo da ostegunean, brexita atzeratzea eskatu edo ez erabakitzeko.



Albisteak (1)

Informazio gehiago (1)