Erresuma Batua
Beste erreferendum bat baztertuta, Parlamentuak onartu egin du 'brexit'a atzeratzea
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
'Brexit'a ekainaren 30era arte atzeratzea eskatuko dio Gobernu britainiarrak Europar Batasunari, eta tarte horretan diputatuen babesa lortzen saiatuko da Theresa May.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Erresuma Batua Europar Batasunetik ateratzeko data atzeratzearen alde egin du gaur Komunen Ganberak, eta hala egin dezala eskatuko dio Theresa Mayren Gobernuak Europar Batasunari. Epe hori martxoaren 29an amaitzen da.
Proposamena Gobernuak berak aurkeztu du arratsalde honetan Parlamentu britainiarrean egindako saioan, eta 412 diputatuk babestu dute; 202 parlamentari agertu dira ekimenaren kontra.
Testuaren arabera, brexit-a hiru hilabetez atzeratzea eskatuko dute: ekainaren 30 arte, martxoaren 20rako Komumen Ganberan itun berri bat adostuz gero; eta eperik gabe, akordiorik ez badago.
Datozen hilabeteetan diputatu britainiarrak akordio batera helduko ez balira, Erresuma Batuak brexit-a ez gauzatzeko luzapena Europar Batasunean argudiatu beharko luke eta, gainera, maiatzaren 26ko Europako hauteskundeetan parte hartu beharko luke.
Lisboako Itunaren 50. artikulua baliatuta, Londresek negoziaziorako epea luzatzea eskatzen badu, horretarako arrazoiak zeintzuk diren, Komunen Ganberan akordio zabala nola bilatuko duen eta etorkizunean Europar Batasunarekin ze motatako harreman izan nahiko lukeen azaldu beharko du.
Theresa May lehen ministroak Bruselarekin egindako akordioa bi aldiz bota dute atzera Parlamentu britainiarrean, urtarrilaren 15ean eta martxoaren 12an, hain zuzen ere.
Alabaina, gaurko erabakiarekin, litekeena da datorren astean hirugarren bozketa egitea. Hortaz, datozen egunetan, akordio horren kontra bozkatu zuten diputatuekin bilduko da May, eta oraingoan alde bozkatu dezatela konbentzitzen saiatuko da.
Ildo horretan, Gobernu britainiarrak ohartarazi du, akordioa hirugarren aldiz baztertuz gero, martxoaren 20an egingo den goi-bileraren ondotik Komunen Ganberak bi asteko epea izango duela zer egin erabaki eta ibilbide-orria zehazteko.
Bestalde, brexit-a atzeratzeko Gobernuaren mozioa onartu aurretik, beste hiru proposamen bozkatu dituzte, tartean beste erreferendum bat deitzeko aukera, baina atzera bota dute ekimena.
85 diputatu soilik agertu dira beste erreferendum deitzearen alde; 334 diputatuk kontra bozkatu dute.