Erresuma Batua
'Brexit'a ekainaren 30era atzeratzea eskatu dio Mayk Europar Batasunari
Agentziak | Erredakzioa
Donald Tusk EBko presidenteari bidalitako gutunean, Batasuna modu ordenatuan uzteko asmoari eusten diola azpimarratu du lehen ministro britainiarrak.
Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroak formalki eskatu du brexit-a gauzatzeko epea luzatzeko. Donald Tusk Europako Kontseiluko presidenteari igorri dion gutunean, irteera data ekainaren 30era arte atzeratzea galdegin dio Mayk.
"Erresuma Batuak Lisboako Itunaren 50. artikuluan jasotakoa luzatzeko eskatzen idazten dio Europako Kontseiluari", irakur daiteke eskutitzean.
Gutunak dakarrenez, "gobernu britainiarraren asmoa Europar Batasuna modu ordenatuan uztea da, azaroan adostutako adierazpenari eta Irteteko Itunari jarraiki", baita Jean-Claude Junkcer Europako Batzordearen presidentearekin hitzartutako berme osagarriak kontuan hartuta ere.
"Eskertuta nago ostegunean gure asmoaren nondik norakoak azaltzeko aukera izango dudalako", dio Mayk Bruselan EBko gainerako kideekin egingo duen biltzarrari aipamena eginez.
Parlamentu britainiarrean agerraldia egin du goizean Mayk. Azaldu duenez, "gobernuak hirugarren bozketa erabakigarri bat egiteko proposamenak aurkeztuko ditu. Bozketa irabazten badugu, Irteteko Ituna berriro aztertzeko denbora izango du Parlamentuak. Hala ez balitz, ganberak erabaki beharko du zein pauso eman".
Mayk ez du brexita denbora luzez luzatu nahi, horrek izango lituzkeen ondorioengatik; esaterako, Europako Parlamenturako hauteskundeak daudelako tartean. Halaber, Mayren esanetan, akordiorako luzapen horrek ez du esan nahi luzapena eman eta gero akordiorik gabe ateratzeko aukerarik ez dagoenik.
Bestalde, Jean-Claude Juncker Europako Batzordeko presidenteak Theresa Mayri telefonoz ohartarazi dionez, ez da komeni brexita Europako Parlamentuko hauteskundeetatik haratago luzatzea; maiatzaren 23 eta 26tik aurrera, hain zuzen.