Europar Batasuna
Akordioa Londresen onartzea 'brexit'a luzatzeko baldintza bezala jarri du Tuskek
Agentziak | Erredakzioa
“Luzapen labur bat posible izango dela uste dut, baina lehenago Komunen Ganberak akordioa babestu beharko du”, adierazi du Europako Kontseiluaren presidenteak.
Erresuma Batua Europar Batasunetik (EB) ateratzeko negoziazioen luzapen labur bat posible dela esan du gaur Donald Tusk Europako Kontseiluaren presidenteak, baina horretarako Londresek eta Bruselak adostutako akordioa aldez aurretik berretsi beharko du Komunen Ganberak.
“Aurreko egunetan izandako elkarrizketen arabera, luzapen labur bat posible izango dela uste dut, baina Komunen Ganberak akordioa babestu beharko du lehenago”, adierazi du Tuskek prentsaurrekoan, Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroarekin telefonoz hitz egin ondoren.
Luzapenaren iraupena oraindik “zehaztu barik” dagoela erantsi du Tuskek, nahiz eta Mayk gaur 'brexit'a ekainaren 30era arte atzeratzea eskatu gutun batean.
“May lehen ministroaren proposamenak alde positiboak ditu, baina zalantza legal zein politikoak ere. Buruzagiek bihar eztabaidatuko dute”, azaldu du Tuskek, ostegun honetan, Bruselan, hasiko den goi-bilerari erreferentzia eginez.
Komunen Ganberak Erresuma Batuaren irteera atzeratzea babestu zuen iragan ostegunean. Lehen ministro britainiarrak luzapena eskatu du asteazken honetan.
Atzerapena aho batez babestu ala errefusatu beharko dute EBko buruzagiek. Ostegun honetako goi-bileran aztertuko dute, Bruselan.
Mayk proposatutako data problematikoa izan daiteke, Erresuma Batuak Europako Parlamenturako hauteskundeak ez egitea erabakitzen baldin badu.
EBko arauen arabera, Europar Batasuneko Estatu kide guztiak Europako Parlamenturako bozketa antolatzera beharturik daude, eta ekainaren 30era arte luzatzea erabakitzen baldin bada, Erresuma Batua legedia urratuko luke hauteskundeak egiten ez baldin baditu, nahiz eta uztailaren 2an Euroganbera osatzen denerako EBtik kanpo izan.