Israel
Golan Israel dela aitortzeko prest agertu da Trump
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Golango gainak Israel, Siria, Libano eta Jordania arteko mugan daude. Zonalde hori Israelgo Armadaren esku dago, 1967an okupatu zuenetik.
Donald Trumpek esan du Ameriketako Estatu Batuak prest daudela Golango gainei buruzko subiranotasuna Israeli dagokiola aitortzeko.
Golan, Israel, Siria, Libano eta Jordania arteko mugan dago. Sei Eguneko Gerran, 1967an, okupatu zuen Israelgo Armadak, eta harrezkero bere menpe dago.
"52 urte eta gero, Golan gainei buruzko subiranotasuna Israeli dagokiola aitortzeko unea iritsi zaie Estatu Batuei; gune hori Israelentzat oso garrantzitsua da estrategikoki nahiz segurtasunaren ikuspuntutik eta eskualdearen egonkortasunerako", adierazi du Trumpek Twitter bidez zabaldutako mezuan.
Hain justu ere, martxoaren 25ean joango da Benjamin Netanyahu lehen ministro israeldarra Washingtonera eta bisita ofizial horren aurretik iritsi da Trumpen adierazpena.
"Siria plataforma gisa erabilita, Iran Israel suntsitu nahian dabilen honetan, Trumpek aitortu du Golan Israelen subiranotasunaren baitan dagoela. Eskerrik asko, Trump presidentea!", erantzun dio Netanyahuk Twitter bidez.
AEBek Golan Israeli dagokiola aitortuz gero, Netanyahuk beste bultzada handi bat jasoko du; izan ere, aspalditik ari zaio nazioarteko komunitateari aitortza hori eskatzen.