Itxi

Ekialde Hurbila

Golan Israel dela formalki aitortu dute Ameriketako Estatu Batuek

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Israelen subiranotasuna aitortzeko adierazpena sinatu du Trumpek astelehen honetan. Israelgo Armadak Golango gainak okupatu zituen 1967ko gerran.

Siria eta Israelen arteko muga Golango gainetan. Argazkia: EFE/ Atef Safadi

Golango gainetan Israelen subiranotasuna aitortzeko adierazpena sinatu du Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak astelehen honetan. Israelgo Armadak Golango gainak okupatu zituen 1967ko gerran.

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroarekin agerraldia egin eta gutxi geroago sinatu du adierazpena. Israeli emandako babesa eskertu dio Netanyahuk AEBko agintariari. Era berean, Washingtonek Jerusalem herrialdeko hiriburu gisa aitortu zuela gogorarazi du Netanyahuk.

"Benetan egun historikoa da", nabarmendu du Netanyahuk. Bisita ofiziala laburtuko du lehen ministroak, Israelera itzultzeko. Gazako Zerrendatik jaurtigai bat bota dute. Suziria Tel Avivetik gertu erori da, eta zazpi pertsona zauritu ditu.

Israelek defendatzeko eskubidea duela esan du Trumpek agerraldian. Bere lurraldearen aurkako erasoak “onartuko ez” dituela azpimarratu du Netanyahuk. Biztanleria defendatzeko “beharrezkoa den guztia” egingo duela ohartarazi du.

Tankeak Majdal Shamsetik gertu, Israel eta Siria arteko mugan, Golango gainetan. Argazkia: EFE/ Atef Safadi

Washingtonek Golango gainetan Israelen subiranotasuna aitortzeko “unea” heldu dela adierazi zuen Trumpek iragan astean. Siriak eta Errusiak adierazpenak kritikatu zituzten. Bestalde, “EBren jarrera ez da aldatu”, esan zion Europar Batasuneko bozeramaile batek Reuters albiste-agentziari.

Israelek Siriari Golango gainak kendu zizkion Sei Eguneko Gerran (1967) eta Yom Kipur Gerran (1973). 1981ean formalki anexionatu zituen, nahiz eta nazioarteak mugimendua ez onartu.

Israelen beste desira bat bete du AEBen aitortzak, Trumpen Gobernuak enbaxada Tel Avivetik Jerusalemera lekualdatu ondoren, Hiri Santua herrialdeko hiriburu bezala aitortuz. Nazioartea erabakiaren aurka azaldu zen, hiriaren statusa bake elkarrizketetan adostu beharko litzatekeela uste baitu.

Nazio Batuen Batzar Nagusiak ebazpena onartu zuen abenduan (NBEko 193 herrialdeetatik 128k babestu zuten). AEBri atzera egiteko eskatu zion, baina alferrik.

Albisteak (4)