Itxi

VENEZUELA

Beste itzalaldi batek argirik gabe utzi ditu Caracas eta Venezuelako hainbat hiri

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Gobernuak lan-jarduera guztiak eta eskolak bertan behera utzi ditu, egun batez.

Venezuelako kale bat, argirik gabe. Artxiboko argazkia: EFE

Venezuelako hainbat hiri, Caracas hiriburuko hainbat barruti tartean, argindarrik gabe esnatu ziren atzo (asteartea), eta Gobernuak lan-jarduera guztiak eta eskolak bertan behera utzi zituen.

Astelehenean, beste itzalaldi batek lurraldearen zati bat argindarrik gabe utzi zuen hainbat orduz. Gauean, pixkanaka-pixkanaka zerbitzua berrezarri bazen ere, ez zuen askorik iraun eta argia joan zen berriro. Astearte goizean herrialdearen zati handienak argirik jabe jarraitzen zuen. Nicolas Maduroren Gobernuak "erasotzat" jo zuen itzalaldia.

Maracaibo edota Barquisimeto hiriak, mendebaldean, eta Valentzia, erdialdean, argindarrik gabe esnatu ziren.

Caracas hiriburuan, saltokiak, banketxeak eta ikastetxeak itxita daude eta garraio publikoan gutxieneko zerbitzuak eskaintzen ari dira. Metroa eta tren zerbitzua, ostera, etenda daude.

Gobernuak ohar bidez jakinarazi duenez, "ahalik eta azkarren" berrezarriko dute argindar zerbitzua lurralde osoan. Bien bitartean, lasaitasun mezua zabaldu die venezuelarrei.

Venezuelako Gobernuak ziurtatu duenez, AEBren babesa duen oposizioa herrialdean kaosa ezarri nahian ari da Maduro agintetik kentzeko.

Adituen esanetan, ordea, itzalaldien benetako arrazoia sistema elektrikoan izandako inbertsio falta da. 2007an Hugo Chavez orduko presidenteak sektorea nazionalizatu zuenetik inbertsio nahikorik ez dela egin diote.

Albisteak (4)