Erresuma Batua
'Brexit'aren plan alternatiboek ez dute gehiengorik lortu Komunen Ganberan
Agentziak | Erredakzioa
Bestalde, Erresuma Batuko Parlamentuak 'brexit'a maiatzaren 22ra arte atzeratzea onartu du, aldez aurretik irteera akordioa onartzen baldin bada, edo apirilaren 12ra arte itunik berresten ez bada.
Brexit-a desblokeatzeko zortzi proposamen alternatiboen artean, bakar batek ere ez du gehiengorik lortu Erresuma Batuko Parlamentuan.
Balizko akordio bat berresteko erreferendum bat deitzea eta Europar Batasunarekin (EB) aduana batasun bat negoziatzea izan dira babesik handiena lortu duten proposamenak. Aurrenekoak kontrako 295 boto eta aldeko 268 erdietsi ditu, eta bigarrenak aurkako 272 eta aldeko 264.
Aste honetan agenda parlamentarioaren kontrola hartu dute Komunen Ganberako diputatuek gaueko bozketa deitzeko, normalean Gobernuaren eskumena izaten baita.
Nahiz eta gaurko saioak emaitza argirik ez utzi, datorren astelehenean bigarren bozketa sorta bat egiteko atea zabalik utzi dute parlamentariek, aukeren batek gehiengoaren babesa lortzerik duen ikusteko.
Hala ere, bozketak ez dira lotesleak Gobernuarentzat, eta azken bi urteetan Bruselarekin izandako negoziazioaren aurka doan Parlamentuaren aholkurik onartuko ez duela ohartarazi du dagoeneko Theresa May lehen ministroak.
Kontserbadoreen alde euroeszeptikoenak proposatu dituen aukerek babesik txikiena erdietsi dute.
Apirilaren 12an EB akordiorik gabe uztea 100 diputatuk soilik babestu dute. Aukera berdinak, baina Batasunarekin salerosketan tarifarik gabe aritzeko aldi baterako itun batekin, aldeko 139 boto izan ditu.
Akordio bat berrestea lortzen ez baldin bada, brexit-a bertan behera uzteko egitasmoa ere ez da gehiengora hurbildu: 184 diputatu alde agertu dira eta 293 aurka.
Hala ere, babesik txikiena lortu duen aukera merkatu bakarrean mantentzearena izan da. Alternatiba horrek aldeko 65 boto bereganatu ditu eta aurkako 377.
Haustura martxoaren 29an gertatzea ofizialki baztertu du Parlamentuak
Bestalde, Erresuma Batuko Parlamentuak brexit-a maiatzaren 22ra arte atzeratzea onartu du, aldez aurretik irteera akordioa onartzen baldin bada, edo apirilaren 12a baino lehen itunik berresten ez bada. Ekimenak aldeko 441 boto izan ditu eta aurkako 105.
Horrela, brexit-a gauzatzeko Bruselak ezarritako data berriak legedia britainiarrean jasotzea onartu du Komunen Ganberak, Gobernuak ekainaren 30era arte atzeratzea eskatu ondoren. Azken aukera hori errefusatu egin zuten.
Ondorioz, Erresuma Batuaren eta Europar Batasunaren arteko haustura martxoaren 29an gertatzea ofizialki baztertu du Ganberak.
Diputatuek babestutako testuak Lisboako Itunaren 50. artikulua maiatzaren 22ra arte indarrean izatea planteatzen du, betiere Parlamentuak Theresa May lehen ministroaren irteera akordioa onartzen baldin badu. Artikulu horren arabera, 2017ko martxoaren 29an brexit-aren negoziazioak hasi ziren.
Dokumentua ostiral honetan berriz bozkatzeko asmoa du Gobernuak, John Bercow Komunen Ganberako presidenteak horretarako baimena ematen baldin badu behintzat. Parlamentuak 230 botoko aldearekin bota zuen akordioa atzera urtarrilean, eta 149ko aldearekin martxoan.
Bercowk Gobernuari gaur gogorarazi dionez, hirugarren bozketa bat egin aurretik, testuak “aldaketa esanguratsuak” hartu beharko ditu.
Parlamentariek itunari babesik ematen ez baldin badiote, apirilaren 12an izango da Londresen eta Bruselaren arteko haustura, Ganberak gaur onartutako legediaren arabera.