Erresuma Batua
'Brexit'aren lau alternatibak atzera bota ditu Parlamentu britainiarrak
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Komunen Ganberak Europar Batasunetik ateratzeko akordio bat onartuz gero, itun hori erreferendum batean berretsi behar izatea zen aukera bat; zortzi botoko aldearekin bota dute atzera.
Theresa May lehen ministro kontserbadorearen brexit-a baztertuta, Europar Batasunetik (EB) ateratzeko lau bide alternatibo bozkatu dituzte Erresuma Batuko Parlamentuan, baina batek ere ez du lortu behar adina boto aurrera egiteko.
Komunen Ganberak Europar Batasunetik ateratzeko akordio bat adostuz gero, itun hori herritarrek erreferendum bidez berretsi behar izatea zen aukeretako bat, eta proposamen horrek lortu du babesik handiena, baina ez nahikoa: 280 diputatuk eman dute aldeko botoa eta 292 agertu dira kontra.
Erresuma Batuaren eta Europar Batasunaren artean batasun aduana iraunkor bat ezartzeko negoziazioa abiarazteko aukera hiru botogatik bota dute atzera, 276 baiezko eta 273 ezezko izan baitira.
Akordiorik gabe gauzatu beharko balitz brexit-a bertan behera uzteko proposamenari dagokionez, 292 diputatuk kontra bozkatu dute eta 191 alde azaldu dira.
Laugarren aukera '2.0 merkatu komuna' edo 'Norvegia bidea' deitutakoa izan da. Saioa hasi aurretik aurrera atera zitekeela zabaldu da, Alderdi Laboristak horren alde egingo zuela iragarri duelako arratsaldean. Alabaina, hori ere baztertu egin dute: 261 baiezko eta 282 ezezko jaso ditu.
Parlamentu britainiarrean brexit-aren korapiloa askatzeko gai ez direla erakutsi dute berriro, eta, ondorioz, Bruselarekin egin zuen akordioa laugarren aldiz bozkatzea aztertzen ari da May.
Ildo horretan, Stephen Barclay ministroak parlamentariei esan die garaiz daudela apirilaren 12an Europar Batasunetik akordiorik gabe atera eta Europako hauteskundeetara aurkeztu behar izatea ekiditeko, aste honetan Londresek eta Bruselak egindako ituna babestuz gero behintzat.
Komunen Ganberak hiru aldiz baztertu du Theresa Mayren akordioa, baina bozketa batetik bestera murriztu egin da aldea. Hala, lehendabiziko saioan 230 botoko aldea izan zen, eta ostiraleko bozketan 58 botokoa izan da.
Bestalde, Jeremy Corbyn opozioko buruzagiak adierazi du aipatu alternatibak berriro bozkatzeko aukera izan beharko litzatekeela, Mayk bere ituna Parlamentura hiru aldiz eraman duela kontuan hartuta.