Erresuma Batua
Ekainaren 30era arteko atzerapena eskatu du Mayk; Tuskek 12 hilabetekoa proposatu dio
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Europako Kontseiluko presidenteak luzapen “malgu” bat proposatu du, 2020ko martxoaren amaierara arte, “prest baldin badago” Erresuma Batuari lehenago alde egiteko aukera emanez.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroak gutuna bidali dio Donald Tusk Europako Kontseiluko presidenteari, brexit-a ekainaren 30era arte atzeratzea eskatzeko. Bestalde, brexit-aren krisiari irtenbide bat emateko modurik onena 12 hilabete atzeratzea izango litzatekeela uste du Tuskek. Horretarako, luzapen “malgu” bat proposatu du, 2020ko martxoaren amaierara arte, “prest baldin badago” Erresuma Batuari lehenago alde egiteko aukera emanez, EBko iturriek jakitera eman dutenez.
Ostiral honetan argitaratutako gutun horretan, Lisboako Itunaren 50. artikuluaren baliotasun epea luzatzea eskatu du Mayk. Horren arabera, Europar Batasunetik atera nahi duen herrialde orok bi urteko negoziazio epea izango du horretarako.
"Gobernu britainiarraren politika beti oinarritu izan da atzerapenik gabeko irteera ordenatu batean", esan du idatzian. "Azken asteotan geldialdia egon bada ere, akordioa berresteko ardura duen Parlamentu britainiarrak beti izan du argi irteera adostua dela onena", gaineratu du.
"Halere, geldialdi horrek ezin du bere horretan jarraitu. Izan ere, ezjakintasunaren ondorioz, politikariengan duten fedea galtzen ari dira britainiarrak, eta, bitartean, Europar Batasuna erabakiak hartzen ari da", azaldu du jarraian.
"Horrela, eta iragan hilabetean gogoz bestera 50. artikulua luzatzea eskatu ostean, Gobernuak luzapena eskatu behar du berriro", esan du Mayk irteera protokoloaren harira.
Tusken proposamena
“Malgua izango litzateke, Erresuma Batua alde egiteko prest dagoenean, atera ahal izango da. Horrela, ekainaren 30erako prest baldin badago, ekainaren 30ean alde egin ahal izango du, maiatzaren 22an gertu badago, maiatzaren 22an joango da”, laburbildu du EBko goi funtzionario batek. Enbaxadoreen bidez proposamenaren berri eman die 27 estatu kideei.
Gogoeta “sakon eta luze” bat egin zuen Tuskek ostegunean, Estatu kideekin apirilaren 10eko ezohiko goi-bilera prestatzeko elkarrizketak izan ondoren. Ondorioz, Estatu kideek ez dute oraindik proposamena eztabaidatu, eta babesa emango diotenik ez dago argi.
Tusken ahotan, proposamena Mayk gutunean planteatutako bide orriarekin “guztiz bateragarria” da.