Itxi

Bilera Costa Rican

Harremanetarako Nazioarteko Taldea, Venezuelan misio bat bideratzeko prest

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

"Krisiari irtenbide baketsu eta demokratikoa emateko, aukera zehatzak aurkezteko eta eztabaidatzeko prest dago taldea", horren hirugarren bileraren adierazpenaren arabera.

Harremanetarako Nazioarteko Taldearen ordezkariak. Argazkia: EFE/Jeffrey Arguedas

Harremanetarako Nazioarteko Taldea (Europar Batasuneko eta Latinoamerikako herrialdeek osatzen dute) Venezuelan goi-mailako misio bat bideratzeko prest agertu da astearte honetan, herrialdeak egun duen krisiari konponbide bat emateko proposamenak biltze aldera.

"Harremanetarako Nazioarteko Taldeak bere lanarekin jarraitzea erabaki du, aurrerapausoen ebaluazioari lotuta. Krisiari irtenbide baketsu eta demokratikoa emateko, Caracasen goi-mailako misio bat bideratzeko eta aukera zehatzak aurkezteko eta eztabaidatzeko prest dago taldea", foro horren hirugarren bileraren adierazpenaren arabera. Batzarra Costa Rican egin dute.

Federica Mogherini Europar Batasuneko Atzerri eta Segurtasun Politikarako goi-ordezkariak eta Manuel Ventura Costa Ricako kantzilerrak irakurri dute adierazpena, eta 11 herrialdek sinatu dute.

Mogherinik prentsaurrekoan azaldu duenez, goi-mailako misioak proposatuko dituen neurri zehatzek "nolabaiteko konfidentzialtasuna" behar dute, eta, hori dela eta, ez du horri buruzko xehetasun gehiagorik eman.

Misioa nortzuk osatuko duten oraindik ez dutela zehaztu esan du Costa Ricako kantzilerrak, baina Venezuelako Presidentetzarako hauteskundeen beharra giltzarria izango dela ziurtatu du.

Goi-mailako misioaren helburua "gatazkako aldeekin biltzea da, lehenbailehen hauteskunde sinesgarriak egin ahal izateko", Venturaren hitzetan.

Harremanetarako Nazioarteko Taldearen lanak 90 egun baino gehiago iraungo duela baieztatu du Mogherinik, osatu zenean epe hori ezarri zuten arren. Horien ustez, "pauso garrantzitsuak" eman dira baina "ez nahikoak" irtenbide baketsu eta demokratiko bat lortzeko.

Bestalde, Caracasen lantalde bat osatuko dutela iragarri du Harremanetarako Nazioarteko Taldeak, venezuelarren mesedetan lan humanitarioa egiteko.

"Harremanetarako Nazioarteko Taldeak lantalde humanitario bat ezarriko du Caracasen, eta dirulaguntzak areagotzeko dei egin die dohaintza-emaileei", adierazpenaren arabera.

Albisteak (4)